Ataungo Mitoaldia irailaren 9tik urriaren 21era ospatuko da
Ipuin kontaketak, 'Irati' filmaren emanaldia, Irulegi herrixka baskoira txangoa eta hitzaldiak izango dira egitarauan. 'Jentilen Etorrera' antzezpena bukaerarako utzi dute.
Ataunek euskal mitologiaren benetako sehaska eta gordailu izaten segi dezan, herriko eragileek prest dute VI. Mitoaldia egitaraua. Irailaren 9an hasiko da, eta hilabete eta erdian barrena, ipuin, kondaira, izaki fantastikoen eta mitologiaren inguruan gaur egun mugitzen den ororen bilgune izango da.
Gaur eguerdian aurkeztu dute Mitoaldia, San Gregorioko Barandiaran Museoan. Egitarauaren berri emateaz gain, Jentilbaratza kultur elkarte antolatzaileak mitologiaren ondarea zabaltzeak duen garrantzia adierazi du. Urte guztian garatu dituzte ekimenak eta emanaldia, hasi formatu txikiko ipuin kontaketetatik, eta urriaren 21ean 1.500 bat lagunek ikusiko duten Jentilen Etorrera antzezpen “bikaina” antolatzeraino. Jasotako ondarea baliozkotzea da egiten duten lanaren motorea, Maitane Aizpuruak azaldu duenez.
Irailaren 9an hasiko da, Aranguren bailarako (Nafarroa) Irulegi herrixka baskoira txangoa eginez. 08:30ean, autobusean joango dira ataundarrak, eta esku izkiriatu famatua azaldu zen eremu arkeologikoan Aranzadi zientzia elkartekoek gidatuko dituzte.
Aurkezpenean izan dira Ataungo alkate Martin Aramendi eta Barandiaran Museoko ordezkari Ainhoa Zamorano ere. 1981ean hasita, Jentilen Etorrera ekimenarekin belaunaldi asko hazi direla gogoratu du alkateak, eta “ilusio berezia” egiten diela ataundarrei gaineratu du, “kulturan eta hizkuntzan egiten duen ekarpena ahaztu gabe”. Urriaren 21ean, bi urtean behingo antzezlan landua ikusi ahalko da, Auzoetan. Bi saio izango dira, 20:00etan eta 22:00etan.
Barandiaran Museoak ere parte hartuko du Mitoaldian. Ipuin kontaketa antzeztua bertan egingo dute batetik. Ikasleekin egiteko, San Martindik San Gregoriora herribide zaharrean ibilaldi gidatu bat ere prestatu dute, tokian tokiko mitoak eta kondairak kontatuz, eta lanbide zaharren berri haurrei emanez (karobia, errota…).
VI. Mitoaldia. Egitaraua
Irailak 9
Irulegira bisita. Autobusean 08:30ean irten eta 14:30ean itzuli. Aranzadikoekin bisita gidatua.
Irailak 15
Anjel Lertxundi. Ez dago Transilvaniara joan beharrik hitzaldia. 19:00, Herri Antzokian. Jon Aizpurua aurkezle.
Irailak 30
Irati filmaren emanaldia, 17:30, Herri Antzokian. Paul Urkijo zuzendariarekin solasaldia.
Mitologika erakusketa. Rakel Alzateren ilustrazioak, Paul Urkijoren eta Nerea Torrijoren filmeko bozetoak. Herri Antzokian, 10:00-12:30 eta 16:00-20:00.
Urriak 7
Ipuin kontaketa antzeztuak. Marimundukorekin, Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak. Barandiaran Museoan, bi saio: 16:30 eta 18:00.
Urriak 11
Luis Mari Zaldua. Euskal Herriko antzinaroko jainko eta jainkosak hitzaldia. Museoan, 19:30ean.
Urriak 21
Jentilen Etorrera. Antzezpena. Plazan 19:30ean harrera. Desfilea plazatik kiroldegira. Auzoetan, antzerkiaren bi saio: 20:00etan eta 22:00etan.