Lanurteko lehen jaiak Ataunen
San Gregorio auzoan bihartik igandera ospatuko dituzte festak. Haurrentzako ekitaldi sorta bat eta auzo afaria dituzte lehenengo jardunaldian. Kontzertuak daude hiru egunetan.
Ataungo San Gregorio auzoan lau eguneko festaldia prestatu du Jai Batzordeak. Lanerako itzuleran, kurtsoko aurreneko jaiak izango dira. Bihar hasiko dira, Umeen Egunarekin. Haurrentzat zuzendutako ekitaldiak, otorduak eta gozagarriak jarri dituzte lehen ekinaldirako. Marrazki erakusketa atonduko dute, baina aurretik haur bakoitzak San Gregorio auzoari buruz margotuko du, plazan.
Auzo afariarekin borobilduko dute biharko estreinaldia. Bertsotarako Aitor Sarriegi eta Maddi Aiestaran beasaindarrak gonbidatuko dituzte. Otorduak, jaiek iraungo duten egun guztietan izango dira. Txartelak aurrez hartu behar ziren, tabernetan.
Jai Batzordeak pare bat berritasun erantsi dizkio aurtengo egitarauari: «Aurten jarri dugun gauza berri bat ostiraleko elektro-txaranga da. Aspaldian ez da ekarri». Zurrakapotea ere egin zuten atzo goizean. Garai batean Aian auzoan egiten zuten, eta iaz berreskuratu zuten ohitura San Gregorion. Arrakasta eduki zuen edari horrek, eta kopuru bikoitza egin dute aurtengo.
Musika aukera zabala
Kontzertutan ere oparo ibili dira antolatzaileak. Bihar auzo afaria trikitilariek girotuko dute. Ostiralean Pakillo el Kanutero y los Antxoillas taldeak joko du Artadi elkartean, eta Iratzar erromeria taldeak ondoren plazan.
Kontzertu gaua izango da larunbatekoa ere. Iruñerriko Herdoil punk-oi taldeak joko du lehenik. Azken bost urteetan hiru disko dituzte argitaratuak, azkena Zapalduena (2022). Mozorrotzeko okasioa ere bada zapatua.
Azkenik, igande arratsean festei puntua Karena taldeak ipiniko die; Hernaniko eta Antzuolako hiru lagun dira, iaz elkartuak. Gitarra, baxu eta saxofoiaz, «giro goxo eta mugitua» sortzen dute.
Ohiko gazta jate, erreka jaitsiera –ostiralean da kuadrillen eguna–, kultur emanaldi eta pilota partidekin osatuko dute jaia.
EGITARAUA
ABUZTUAK 31, UMEEN EGUNA
- 11:00. Txupinazoa, buruhandiak eta musika.
- 12:00. Umeen aurpegi margoketa eta marrazki erakusketa.
- 13:30. Haurren bazkaria.
- 14:30. Puzgarriak.
- 17:30. Umeen askaria, Sutegin.
- 18:00. Umeen erreka jaitsiera.
- 21.30. Auzo afaria, trikitilariekin eta bertsolariekin.
IRAILAK 1, KUADRILLEN EGUNA
- 13:00. Juntadizoa zuri jantzita.
- 15:00. Kuadrillen bazkaria.
- 17:15. Haurren mahai-futbol txapelketaren hasiera.
- 18:00. Elektrotxufla txaranga.
- 18:30. Erreka jaitsiera.
- 20:30. Presoen aldeko kalejira.
- 21:00. Kuadrillen afaria, Euskal Parrillaren eskutik.
- 23:00. Pakillo el Kanutero y los Antxoillas taldea.
- 00:00. Iratzar erromeria taldea.
IRAILAK 2
- 12:00. Toka txapelketak.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 16:00. Jolas kooperatiboak, mozorrotuta. Gaia: zirkua.
- 17:30. Fresa Marango DJa, haurrentzat.
- 18:00. Txokolate jana.
- 18:30. Purrarea.
- 21:30. Oilasko jana.
- 00:30. Kontzertuak: Herdoil eta Mugi Panderoa taldeak.
- Gero. Mozorro lehiaketa.
IRAILAK 3, SAN GREGORIO
- 10:00. Meza. Ondoren, salda Pelotazale elkartean.
- 12:00. Pilota partidak: Zubizarreta-Beloki / Irribarria-Gabirondo. Senar-Alduntzin / Murua-Uriondo.
- 12:30. Eate abesbatza.
- 18:00. Otsoak dantza taldea.
- 19:30. Gazta dastaketa.
- 20:00. Karena musika taldea.