Mota askotako sagarrak eta udare tomatea abuztuari agur esateko
Baratza emankor dago azken egunetan, eta ferian tamaina handiko kuiak eta kuiatxoak ikusi dira, baita leka, piper eta uraza ugari ere. Perretxikoetan, aldiz, eskasia dago.
Sagarrak izan dira nagusi gaurko ferian. Denboraldi ona datorrela diote saltzaileek, eta postu gehienetan zegoen fruta hori salgai, mota batekoa edo bestekoa. Berritasunak ere izan dira horien artean, eta aipagarriena, Errezil edo Ibarbi sagarra izan da. Errezil bertako Mugarrieta baserriko Simon eta Josune Aizpururen postuan izan dute salgai Errezil sagarra, tamainaren arabera, 1,5 eta 3 euro artean kiloa. Ohi baino lehenago hasi dira sagar mota horrekin aurten, baina nolabait derrigortuta, “hain beteak daude, adarrak puskatzen hasi direla”, Simonek azaldu duenez. Errezil sagarren erregina ere bazuten salgai, kiloa 3 euroan. Bi horiek berriak ziren errezildarren postuan, baina Jumbo eta Star motatakoak ere bazituzten, baita Gernika piperrak ere.
Ordiziako feriako beste sagar saltzaile nagusia den Jose Antonio Elosegik, bestalde, Gabiriatik eramandako Errezil sagarren erregina eta Star motakoak zituen aukeran, postua bete-bete eginda, eta kiloa 1 eta 3 euro artean jarri du salgai.
Sagar gehiago ere izan dira salgai gaur goizean, besteak beste Iñaki Intxaustiren postuan, sagar gazia (2,5€) eta sagar gozoa (3€), “baina ez dakit ez bata ez bestearen izena”, zioen zeraindarrak. Arantxa Lopetegik, berriz, Aragoiko errezila (2€), eta etxean azalaren kolore gorri eta horiari aipamena eginez Espainiako bandera gisa ezagutzen dutena ere bai (1,5€), izenik ezagutzen ez duten beste batzuen artean. Altzagar honek zioenez, azken egunetako euriak mesede handia egin dio sagarrari orokorrean, eta aleak handitzen hasi dira.
Edurne Jauregik ere bazituen sagarrak, Pelestina motakoa eta udare-sagarra, beste batzuen artean (kiloa 1,5 eta 3€ artean, tamainaren arabera).
Uraza aukera zabala, eta kuia eta kuiatxo ikusgarriak
Baina Jauregiren postuan ikusmin handiagoa eragiten zuten barazkiek, batez ere urazek. Mota asko zituen salgai baliarraindarrak, 0,90-1€ artean: Maravilla, Frantsesa, Batavia, Haritz hostoa, kukulua eta lollo gorria. Entsaladetarako aukera paregabea, beraz, eta horiei eskarola eta txikoria ere gehitu behar zaie, gainera (1,5€ bakoitza).
Lekaleak ere aipatu behar dira, laster salgai izango den babarrun beltzaren aurrekari gisa babarrun fresko zuri dezente zegoelako gaur salgai hainbat postutan, kilo 10 euroan.
Bestetik, baratza emankor dagoela ezin da ukatu, eskaintza oso handia izan delako gaur Plaza Nagusiko postuetan. Bitxikeriak ere izan dira, eta Patxi Arizmendi eta Lourdes Barojaren postuan lau kilotik gorako kuiatxo zuria ikusi da, eta Iñaki Intxaustirenean, 18 kiloko kuia.
Lekak eta piperrak eta ugari ziren gaur.
Pikuak, marmeladak eta dultzeak
Bestetik, fruten atalera itzulita, Miren Jauregik aurkeztutako piku beltza ez da ahaztu behar. Duela aste batzuk uztapikua izan zuen salgai Maria Jesus Oriak, eta orain, Jauregik, pikua, kiloa 3 euroan. Aramar honek, gainera, etxeko pikuekin atzo bertan egindako marmelada ere eskaini du, 250 gramoko poteetan ontziratuta, bakoitza 2,30 euroan.
Eta sagar dultzea ere bazuen, “errezil sagar itsusiekin egindakoa”, 500 gramoko ontziak 3 euroan.
Udare tomatea, kontserbarako
Lehen aipatutako marmeladak eta sagar dultzeak kontserbak egiteko garaia bertan dela gogorarazi dute, baita fruta saltzaileen postuetan dagoeneko salgai dagoen udare tomateak ere. Zuhaiztiko ia postu guztietan dago udare tomatea, baina Aguraingo Javier Lacalle hasi zen lehenik, eta gaur, hori erosteko ilarak sortu dira bere postuan. Nafarroako Erriberako produktua erabiltzen du Lacallek. Udare tomate kiloa, solte erosita, 0,80 eta 0,99 euro artean dago, eta kaxaka erosita, kiloa merkeago ateratzen da.
Perretxikoak, eskas
Perretxikoen atala eskasiagatik nabarmendu da gaur. Plaza barruan ez zegoen ezer salgai, eta perretxiko falta nabarmendu dute ohiko saltzaileek. Plazatik kanpo, Lasaren eta Barcinaren artean, 55 kilo ziza hori (18-20€ kiloa) eta 11 kilo onddo (30€ kiloa) besterik ez zituzten.
Amaitzeko, Zurutuza ahizpek astero bezala lore sortak zituztela ere esan behar da, gaur plazako lore bakarrak. Margaritekin eta daliekin osatutako sortak zituzten, bakoitza 5 euroan.