Zumarragar bat eta urretxuar bat, Euskaltelen
Nicolas Alustiza txirrindulari zumarragarra profesional mailan arituko da datorren denboraldian. Euskaltel-Euskadi taldearekin fitxatu du. Xabier Isasa urretxuarra talde bereko kidea da.
Goierriko txirrindulari harrobia agortezina da. Datorren urtean goierritar bat gehiago arituko da profesional mailan: Nicolas Alustiza zumarragarra. Euskaltel-Euskadi taldearekin fitxatu du. Bertan, bizilagun batekin topo egingo du: Xabier Isasa urretxuarrarekin. Goierriko Hitzak biak elkartu ditu.
Isasa 2001ekoa da eta Alustiza 2003koa, baina aspalditik ezagutzen dute elkar. «Txikitatik elkar ezagutzen dugu, baina sekula ez gara talde berean aritu. Biok Goierri kirol elkartearen txirrindulari eskolan aritu gara, baina Xabier beti ni baino maila bat gorago egon da. Eta Laboral Kutxa taldera pasa nintzenean, 23 urte azpikoen mailara, bera profesional mailara pasa zen. Datorren urtean, lehenengoz, elkarrekin arituko gara», aipatu du Alustizak.
Nahiz eta beti maila ezberdinetan aritu diren, elkarrekin entrenatu izan dute. «Herrikoekin entrenatzeko ohitura dugu. Hori dela eta, ikasketek ahalbidetzen digutenean, elkarrekin atera ohi gara entrenatzera».
Elkarrekin entrenatu
Hemendik aurrera gehiago egongo dira elkarrekin. Ilusioa egiten die. «Antzeko egutegia izango dugu eta elkarrekin egoteko aukera gehiago edukiko dugu. Nahiago dut lagunekin entrenatu, bakarrik baino. Serieak egin behar ditudanean nahiago dut bakarrik aritu, baina bestelakoan nahiago dut lagunekin entrenatu», azaldu du Alustizak. Isasa iritzi berekoa da. «Nik ere nahiago dut lagunekin entrenatu eta herrian bertan txirrindulari gehiago egotea oso ona da», aipatu du urretxuarrak.
Bi bizilagun profesional mailan aritzea, biak talde berean gainera, gauza handia da. «Ez da oso arrunta. Oso pozik gaude eta herritarrak ere pozik ageri dira. Goierri txirrindulari eskolakoak ere oso pozik daude, noski. Beraiei esker lortu dugu profesional mailara heltzea. Beraiengatik izango ez balitz, ez ginateke hemen egongo. Ea denboraldi ona egiten dugun», dio Alustizak.
Elkarrekin lehiatu ez diren arren, ondo ezagutzen dute elkar. Izan ere, batak bestearen ibilbidea gertutik jarraitu du. «Beti bere lasterketak ikustera joan naiz eta animatu egin dut, noski. Beti lagunak irabaztea nahi duzu», azaldu du Isasak. Alustizak Isasaren kasta miresten du. Isasak, berriz, lasterketetan gauzak «erraz» egiten dituela dio.
Berak bi denboraldi daramatza dagoeneko profesional mailan eta 23 urte azpikoen mailatik profesional mailara salto handia dagoela dio. «Pixkanaka, ikasten ari naiz. Azken bi urte hauek nahiko ondo joan direla uste dut. Salto handia dago, profesional mailan munduko onenekin aritzen baikara. Abiadura ikaragarria da. Baina pixkanaka ohitu egiten zara eta beldurra galtzen duzu. Bi urte hauetan gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatu naiz. Taldearekin oso gustura nago eta beraiek ere nirekin gustura daudela uste dut».
Orain arteko lasterketa guztietatik, Andaluziako Itzuliko bat gogoratzen du bereziki. «Ihesaldian sartu nintzen eta etapa lehiatu nuen». Aurtengo Ordiziako klasikoan ere oso ondo aritu da: tarteko helmugen saria, ihesaldi luzeenari dagokion saria eta lehiakorrenari dagokion saria irabazi ditu.
Datorren urtean Alustizak ere munduko onenekin lehiatzeko aukera edukiko du. «Denboraldi hasieran esan izan balidate, ez nuen sinistuko. Izan ere, 2022an ez nintzen oso ondo aritu. Baina 2023an asko gozatu dut».
Erronkak
Bi urterako sinatu du eta ez diote helbururik zehaztu. «Garrantzitsuena profesional mailara egokitzea da. Xabierrek esan duen moduan, oso salto handia da. Ilusio gehien egiten didaten lasterketak etxekoak dira: Donostiako klasikoa, Ordiziakoa… Xabierrek bietan parte hartzeko aukera izan du. Itzulian parte hartzea ere gauza handia litzateke, baina hori oso urruti dago eta lan asko egin behar da horretara iristeko».
Isasak aurten parte hartu du lehenengoz Donostiako Klasikoan. «Ilusio asko egiten zidan. Ondo heldu nintzen, baina arazoak izan nituen eta ez nintzen espero bezain ondo aritu. Ea datorren urtean berriro parte hartzeko aukera dudan. Nicolasekin bada, hobeto», amaitu du urretxuarrak.