Usadiozko erromesaldia berrituko dute asteburuan goierritarrek
Segura, Zerain eta Mutiloako bizilagunek egingo dute erromesaldia Arantzazura. 400 bat urteko tradizioa duen ekimena dela uste da. Garai berrietara egokitzea dute orain erronka.
Urteroko ohiturari jarraituz, Arantzazura erromesaldia egingo dute asteburu honetan Segura, Mutiloa eta Zeraingo bizilagunek. Orain hamar bat urte galtzeko zorian egon zen ekimena Seguran, baina lantalde gazte batek erreleboa hartu zuen ordu hartan, Arkaitz Sodupe erromesaldiaren antolakuntza taldeko kideetako batek aipatu duenez.
Soka luzeko usadio honen inguruko dokumentazio idatzirik aurkitu ez duten arren, «orain 400 bat urtetik» egiten denaren zantzuak daude Seguran. «Orain dela bi urte saiatu ginen informazioa biltzen. Arantzazun galdezka aritu ginen, Joseba Etxeberria segurarra bertan fraide zegoela aprobetxatuta, baina ez genuen ezer aurkitu. Laureano Telleria segurarrak dioenez, 400 bat urte izango dira Seguran erromesaldia egiten hasi zirela», zehaztu du.
Oinarri erlijiosoa duen ekimena den arren, Segurako belaunaldi gazteek «herriko ohitura gisa» jaso dute erromesaldia, «familian eta lagun artean asteburu bat pasatzeko aitzakia izan da», adierazi du Sodupek.
Trantsizio garai betean
Orain, «trantsizio garai batean» daudela aitortu du, eta usadioa mantenduz, «aspaldiko tradizio hau egungo garaietara egokitzea» dute orain erronka. Seguran, Arantzazuko erromesaldiak gaur egunera arte iraun badu «estankoko Miren Imazi esker» izan dela azpimarratu dute antolakuntzatik, «Azken 40 urteetan berea izan da parte hartzaileen izenak jaso eta antolatzeko ardura». Gakoa izan da, beraz, Imaz erromesaldiaren biziraupenean.
Larunbatean egingo da erromesaldia. Seguran, 6:00etan plazatik oinez abiatuko dira batzuk. Bestela, 8:00etan plazatik autobusa izango da Otzaurteraino, eta beste bat 9:00etan Aldaolaraino. 9:45ean San Adriango aterpetxean elkartuta, Urbiara joango dira elkarrekin. Fondan bazkaria dute gero, «Segura, Mutiloa eta Zeraingoak elkarrekin». 18:00ak alderako Arantzazura iritsiko dira guztiak elkarrekin, eta bertan fraideek ongi etorria egingo diete erromesei.
Jaitsiera elkarrekin
Zerainen, 8:00etan plazatik eta 9:00etan Aldaolatik; eta Mutiloan 8:30ean abiatuko dira herrigunetik oinezkoak Urbia aldera, etzi. Zeraindarrak eta mutiloarrak, 18:30ean dute Arantzazun itzulerako autobusa. Seguratik 50 bat pertsona elkartzea espero da, Zerainen 16k eman dute izena eta Mutiloan 10ek.
Hala nahi duten segurarrek Hospederian lo egiteko aukera izango dute larunbatean. Igandean meza izango da goizean eta bazkaria egingo dute gero, Hospederian bertan. Igandean, 10:00etan beste autobus bat irtengo da Segurako plazatik Arantzazura joan nahi dutenentzako. Bazkaldu eta Santutegiko agurraren ostean, 17:00etan izango da itzulera.