Artzaintzari eskainitako ibilbideari aitortza
Erreizabal baserriko Juan Jose Arangurenek eta Arantxa Segurolak omenaldia jasoko dute igandean, Artzain Egunean. Bikoteak lan handia egin du artzaintzaren eta gaztagintzaren alde.
Telleriarte auzoko Erreizabal baserrian bizi diren Juan Jose Aranguren eta Arantxa Segurola taula gainera igoko dira igandean Legazpiko plazan, Artzain Eguneko antolatzaileek eta inguruan bildutakoek omenaldia egingo dietelako. Urte mordoa artzaintzari eta gaztagintzari eskaini ondoren, merezi duten aitortza jasotzeko garaia iritsi zaie.
Artzaintzari 38 urte eman dizkio Juanjoxek eta Arantxak, 28. Batez ere, gaztagintzari. Jubilatuta daude orain biak, nahiz eta ardi gutxi batzuk mantendu dituzten baserrian eta gazta ere egiten jarraitzen duten, «etxerako, familiarentzako eta lagunentzako bakarrik». Igandeko omenaldia dela eta, «pozik» daude.
Ardiak, gustukoen
Erreizabalen «lau behi eta lau txahal, eta zazpi bat ardi» zeuden, baina duela 40 urte behiak kendu eta ardi gehiago jarri zituen Juanjoxek, «gehiago gustatzen zitzaizkidalako». Erabaki harekin, artzaintzan iraultza eta modernizazioa ekarriko zuen prozesuan murgildu zen beste hainbat artzainekin batera.
Pabiloia eraiki zuen baserri ondoan, eta 200 ardirekin hasi zen –330 izan ditu gehienez–. Esnea saltzen zuen bakarrik hasieran, Legazpiko eta Zumarragako azoketan, eta aurrerago gazta egiten hasi zen, «hala–moduzkoa». Egoera halakoa zen orduan, eta aurrera begira jarrita, apustu sendoa egin zuen artzaintza modernizatzeko. Besteak beste, hobekuntza genetikoan jarri zuen indarra: orduan ardiek batez beste 65 litro esne ematen zituzten, eta gaur 365 litro. Gaztagintzari ere heldu zion, eta horretan ere, lortu zituen hobekuntza nabariak, kanpoko gaztagile batzuekin gazta egiten ikasita, makineria egokia erosita, osasun eta garbitasun neurriak ezarrita…
Prozesu hori guztia, beste artzain batzuekin partekatu zuen Arangurenek, eta hainbat elkartetan jardun zuen lanean, besteak beste, ELE Gipuzkoako Latxadunen Elkartean, EHNE sindikatuan, Lana kooperatiban, Artzai Gazta elkartean… Idiazabal jatorri izendapenaren sorreran lan egindakoa ere bada, eta Legazpin egiten den Artzain Egunak gaur duen indarra lortzeko ere bere alea jarritakoa da. «Etxean lan gutxi nuen, eta kanpoan ere ordu ugari sartzen nituen», dio.
Sariak irabazitako gazta
Ardiekin egin du lan batez ere Arangurenek, eta lortu ditu hainbat sari mutur beltzekin. Baina Erraizabalek sari gehiago ere irabazi ditu, gaztarekin.
Duela 28 urte ezkondu zen Aranguren Matxinbentako Largarate baserriko Segurolarekin, eta hark hartu zuen gaztagintzaren ardura baserrian, «ia zerotik hasita, eta ikastaro ugari egin ondoren». Gaizki ez zuen ikasiko, Ordiziako lehen saria irabaztera iritsi zelako 1999an, baina Arantxari «ilusio berezia» egin ziona Plentzian (Bizkaia) Idiazabal deiturak antolatzen duen saria izan zen, «nik egindako lehenengoetako gaztekin irabazi nuelako». World Cheese Awards batzuk ere irabazi dituzte, urrezkoak tartean.
Bikoteak, gainera, artzainen lanbidearen hedapenean lan ugari egin du, Artzaintzaren Ekomuseoarekin, Artzaitxo egunekin, ikasleen bisitekin…