Goiko ostatua berritzeko lehen urratsak hasi dituzte Itsason
Erabilera zehazteko herri batzarra egin dute. Milioi bat euroko aurrekontua dute lanek. Alegia auzoko denda egokitzeko lanak irailean hasiko dituzte, azkenean.
Kontzeju etxea edo goiko ostatua berritzeko lehendabiziko urratsak ematen ari dira Itsason. Proiektua herritarrei azaltzeko eta ekarpenak jasotzeko herri batzarra deitu zuen Itsasoko Batzordeak uztailaren amaiera . Bileraren aurretik, eraikina bisitatu zuten, gaur egun duen egoera ezagutzeko.
Kontzeju etxea Itsasoko erdigunea izan zen 1962ra arte. Gorka Sasieta Itsasoko Batzordeko kideak zehaztu duenez, bertan kokatuta zeuden «udaletxea, ostatua, telefono publikoa —herriko lehendabizikoa— kartzela eta hiltegia». 1962an aldaketa sakona bizi izan zuen Itsasoko erdiguneak: «Urte hartan, udaletxea orduko apaiz-etxea zegoen eraikinera lekualdatzea erabaki zen —gaur egun udal bulegoak eta ostatua hartzen dituen eraikin bera da—, eta urte berean eraiki zen gaur egun Itsasoko plaza bezala ezagutzen dena ere», zehaztu du.
1965ean Ezkiorekin batzeko agindua etorri zen, eta ondorioz, udaletxe berriak ez zituen urte asko eman eraikin berrian. Kontzeju etxea etxebizitza eta baserri lanetarako erabilia izan zen gerora, baina «azken 30 bat urteetan hutsik» egon dela adierazi du Sasietak.
Erabilera zehaztea, gakoa
2017an, «aldundiko teknikoek aholkatuta, eraikinaren egiturazko azterketa bat egin zen». Azterketaren arabera, eraikina «estrukturalki egoera onean» dago, baina XVI. mendeko eraikuntza izaki, «isolamendu eta irisgarritasunaren aldetik hainbat egokitzapen egin beharko zaizkio».
Goiko ostatua berritzeko aurrekontua «milioi bat eurokoa» da, eta dagoeneko 632.135 euro eskuratu dituzte Europako Next Generation diru funtsetik. Honen arabera, berrikuntza lanak «2026rako amaituta behar dute». Beste diru laguntza batzuekin ere bateragarria denez, «beste deialdi batzuen bidez finantzazio gehiago lortzeko ahalegina» egingo dute bitartean.
Eraikinari etorkizunean zein erabilera eman zehaztea da orain, lehentasuna. Funtsezkoa izango da hau, diru laguntza gehiago eskuratu edo egin beharreko lanak diseinatzerako orduan. Pasa den uztailean egindako herri batzarrean, hainbat ekarpen jaso ziren zentzu horretan. Lehendabiziko solairuan erabilera anitzeko gune bat atontzea hobetsi dute herritarrek: mediku kontsulta, liburutegia, agur zibilak egiteko gunea… Goiko solairuan jarduera ekonomikoko beste ekimen batzuk ere aipatu zituzten: adinekoen egoitza komunitarioa, aterpetxea, landa ostatua… proposamen hauek «kontutan hartuko» dituzte proiektua lantzerako orduan.
Denda egokitzeko lanak
Bestalde, Alegiko Sindikatoan denda egokitzeko udaberrian hastekoak ziren egokitze lanak atzeratu egin dira, Garsan enpresaren arazoak tarteko. Enpresak berriki adierazi duenez, iraileko bigarren hamabostaldian hasiko dituzte, behin behinean, lanak.