CAF-eko enpresa batzordeak kezka agertu du amiantoaren azken neurketak "altuagoak" izan direlako
Beasaingo CAF lantegiko laugarren dibisioko 7, 8, eta 9 nabeek itxita jarraitzen dute, horietako baten egin diren desmuntaia lanen ondoren amianto kutsatzea eman delako. Enpresa batzordearen azken informazioen arabera, "langileei jasotako 12 laginetatik 10ek positibo eman dute".
Beasaingo CAF lantegiko langile batzordeak salatu du egun bizi duten egoera “oso kezkagarria” dela. Aste honetan bertan jakinarazi dutenez, laugarren dibisioko zortzigarren nabean desmuntaia lanak burutu eta gero, lantegiko hiru nabe itxi behar izan zituzten segurtasunagatik, obrak egin ondoren, amiantoaren neurketak egin eta legeak onartzen duena baino emaitza altuagoak izan zirelako. Asteazkenean, enpresa batzordeak helarazitako informazioen arabera, “sei langileei jasotako laginetatik lauk amiantoan positibo eman zuten”. Gaur, egoera “are kezkagarriagoa” dela informatu du batzordeak; “hamabi langileei jasotako laginetatik hamarrek eman baitute positibo eta emaitza altuagoarekin gainera”. Emaitzak horiek izanda, eta aurrez, amiantoarekin dagoen esperientziagatik, CAF-eko enpresa batzordeak “langile guztien osasuna arriskuan jarri” dela salatu du.
Une honetan, obrak egin ziren nabeaz gain, zazpigarrena eta bederatzigarrena ere itxita daude eta garbiketa lanak egiten ari dira, langileak etxean dauden bitartean. Hala ere, langileen ordezkariek salatu dute, nabeak ixteko erabakia “berandu” hartu zuela enpresako zuzendaritzak eta “lau egunez ehunka langile egon dira amiantoaren esposizioan eta inongo babesik gabe, CAF-eko osasun zerbitzuari eta administrazioari ohartarazi arren”.
Enpresako zuzendaritzak jakinarazi duenez, “garbiketa lanak bukatu arte langileak ez dira lan postuetara itzuliko”. Enpresa batzordeak esan du “kutsatu diren eremuetako desinfekzio osoa ez den bitartean eta amianto mailak baliogabeak ez diren bitartean lan eremu horietara ez gara bueltatuko”, eta eskatu dute, “amiantoaren balizko eraginpeko zerrendetan sartzeko bertan lan egin duten pertsona guztiak”.
Enpresa batzordeak duela bi egun igorri zuen oharrean aurreratu zuen bezala, egoeraren larritasunaren aurrean, “bide judiziala” aztertzen ari da; “ziurtatu behar dugu horrelako egoerak ez direla berriro gertatuko”.