Ordiziako hemeretzi kuadrilla lehiatuko dira bihar herri kiroletan
Herri bazkarirako 260 lagun elkartuko dira eguerdian Beti Alai pilotalekuan. Joseto ta Alaiak elektrotxaranga kalez kale ibiliko da giroa alaitzen, eta euria egiten badu, plazan izango da
Euskal Jaietako lehenengo eguna izango da bihar. Emaneurre taldeak antolatuta, Emaneurre Euskarari Egunaren 11. edizioa ospatuko dute herritarrek. Eguneko lehenengo ekintza kuadrillen arteko herri kirolen txapelketa izango da. Hemeretzi kuadrillek eman dute izena. 2011n antolatu zuen Emaneurrek lehendabiziko aldiz eguna, Euskal Jaietan herritarren partaidetza bultzatzeko.
Taldeak azaldu duenez, «hutsune bat» nabari zuten jaiei lotuta, «herritar gazteen parte hartzea falta zela», alegia. Lehenengo ediziotik 13 urte pasa dira eta herritarrentzat hitzordu garrantzitsua bilakatu da. «Emaneurrek dituen helburuak betez, kirol parte hartzaile eta herrikoiak bultzatuz, euskal kulturaren alde eginez eta euskararen aldeko aldarria luzatuz». 10:00etan hasiko da eguna.
Mokela, Gigantes de Tudela, Downtown, Barruwea, Atzegi, Diontxi, Zurrup, KM 39, Meridiano, Embiel, Perkain, Zurraka, Txolka, Izbi, Batbost, Sanber, Gauss, Kozen eta Pulkraus kuadrillak ariko dira herri kiroletan.
Ondoren, herri bazkaria izango dute 260 lagunek Beti Alai pilotalekuan, Erramun Amundarainek eta bere taldeak prestatuta. Emaneurrek eskerrak eman nahi dizkio taldeari eskainitako lanarengatik. Andoni Ollokiegi abeslariak kontzertua egingo du 16:30ean, eta Joseto ta Alaiak elketrotxarangak alaituko du giroa 18:30etik aurrera kalez kale. Euria egiten badu, plazan izango da. Amaitzeko, Emaneurre Euskarari Egunean ohitura bihurtu den Gozategiren kontzertua izango da plazan, 23:00etan.