Joseba Apaolazak ‘Sagastitarrak’ antzeztuko du gaur Zumarragan
Aurki 'Esnearen kolorekoa' antzezlana prestatzen hasiko da eta bi telesailetan parte hartuko du
Joseba Apaolaza aktore urretxuarrak Sagastitarrak lana antzeztuko du gaur Zelai Arizti aretoan. Antzerki saioa Urretxuko eta Zumarragako udalek antolatu dute, arte eszenikoen programazioaren barne. 20:15ean hasiko da. Sarrerek 10 euro balio dute (Gazte Txartelarekin, 7). 30 urte azpikoek 5 euro bakarrik ordainduko dute 19:45etik aurrera.
Apaolaza Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria aktore gazteekin batera arituko da. Sagastitarrak antzezlaneko protagonistak goi burgesiako familia bateko kideak dira. Alaba giza ekintzaile feminista da, bere lehen abizena aldatzea erabaki du eta bere amarenaren alde egin du. Familia buruarentzat (Apaolaza) ulertezina da eskualdean tradizio handikoa den Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Abizenari segida emateko, amarru eta martingala guztiak erabiliko ditu.
Urretxuarrak “oso komedia polita” dela dio. “Katalan batek idatzitako komedia da. Jatorrizko izenburua Els Brugarol da eta gaztelerazko bertsioarena La Saga. Aspaldiko leinuko familia batean alabak amaren abizena hartzea erabakitzen du. Etxeko nagusia, ni, suhiaren bidez, alabaren iritzia aldatzen saiatzen da. Hori da funtzioaren ardatz nagusia. Baina horrekin familiako hainbat kontu nahasten dira. Argumentuak gaurkotasuna du eta zeresana ematen du”.
Gustura daude ikusleen erantzunarekin. “Duela urtebete estreinatu genuen eta abizenen kontuak jendea asko ukitzen duela konturatu ginen. Antzezlanean lan egiten dugunok ere abizenarekin lotutako bizipenak ditugu. Antzezlanak ikuspuntu feminista du. Jendeak ondo pasatzen du, baina badu zertaz hitz egin ere. Gainera, beste gai batzuk ere lantzen dira zeharka: armagintza, homosexualitatea… Komedia atsegina da, baina bere mamia du”.
Urretxuarra bi aktore gazterekin lan egiten ari da. “Koldo, Ainhoa eta hirurok elkarrekin aritu izan gara azken urteotan. Arriagako aurreko bi ekoizpenetan elkarrekin lan egin genuen. Beste belaunaldi batekoak dira eta beste energia bat dute. Oso gustura lan egiten dugu elkarrekin. Koldo ibilbide polita egiten ari da. Pelikula eta telesailetan ere lan egiten ari da. Hori dela eta, ordezko bat lortu behar izan dugu: Erik Probanza. Hala, biekin lan egiten ari naiz. Hori oso gauza polita da, aktore bakoitza mundu bat baita. Bakoitzak bere estiloa du eta biak pertsonaia bera antzezten ari diren arren, ez dut berdin jokatzen biekin. Zumarragara, oker ez banago, Koldo joango da”.
Apaolazak Sagastitarrak antzezlanean soilik lan egin du aurten. “Beste proiektu bat atzeratu egin da eta orain dena pilatuko zait: ezin tamaina hartu. Iraila hasieran Tanttakaren Esnearen kolorekoa antzezlana prestatzen hasiko gara. Abenduan estreinatuko dugu, Arriagan. XIX. mendean girotua dago. Protagonista neskato bat da. Etxean tratu txarrak jasotzen ditu. Aberats batzuen etxera bidaltzen dute neskame bezala eta han bortxatu egiten dute. Istorioa protagonistak kontatzen du”.
Aitziber Garmendia zaldibiarra izango da protagonista. “Berarekin batera, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Jon Olivares, Jose Ramon Soroiz legorretarra eta ni arituko gara. Antzezlana Fernando Bernuesek zuzenduko du. Nik bi pertsonaia egingo ditut eta biak gorrotagarriak dira. Euskal Herrian 25-30 emanaldi sinatu ditugu dagoeneko eta Madrilera ere joango gara”.
Horretaz gain, bi telesailetan parte hartuko du: Detective Romi eta Angela. Biak Bilbon filmatuko dira.