"Elizaren inpunitatearen" aurka borrokatzera deitu du Itaiak
Goierriko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Beasaingo Bideluze plazan, herriko Andre Mari Zeruratuaren elizako apaiz laguntzaile izendatzearen aurka, Elizaren inpunitatea borrokatu lelopean.
Goierriko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian Beasaingo Bideluze plazan, herriko Andre Mari Zeruratuaren elizako apaiz laguntzaile izendatzearen aurka, Elizaren inpunitatea borrokatu lelopean.
Euripean egindako 20 minutuko elkarretaratzearen amaieran, ondorengo testua irakurri dute Itaiako kideek:
“Ezaguna da, 1994, 2001 eta 2005 urteetan Elizak antolaturiko scouten udalekuetan gutxienez hiru
adingabeko erasotu zituela Beasainen apaiz laguntzaile aritzeko berrizendatu duten Kakuxek. Sexu
gehiegikeriak onartu egin zituen Juan Kruz Mendizabalek: monasterio batera bidali zuen Elizak eta
debekatu egin zion publikoki apaiz aritzea, baita adin txikikoekin egotea inguruan heldurik ez
bazegoen. Hau hala izanik ere, berrizendatu egin dute.
Beharrezkoa ikusten dugu Eliza instituzio erreakzionario modura seinalatzea, balio eta praktika
kontserbadoreak zabaltzen baititu; hala nola: abortuaren kriminalizazioa, iritzi atzerakoi eta
tradizionalak eta abar luze bat. Aipatutako eliza-eremuko pederastia kasuak ez dira modu isolatuan
ulertu behar, kasu hauei 2018tik abian den ikerketa baten arabera, espainiar estatuan elizgizonek
adin txikikoei egindako beste 500 sexu-abusu kasu gehitu behar zazkie. Babes osoa adierazi nahi
diegu erasotu guztiei.
Zaurgarritasun egoera baliatuz adin txikikoen kontrako indarkeria inpunitate osoz gauzatu izan dute.
Honi gehitu behar diogu, emakumeon kasuan, gizarte kapitalista ezaugarritzen duen arau kultural
matxistaren baitan kokatu behar dugula, zeinaren helburua, emakumeok bigarren mailako subjektu bihurtzea den. Instituzioek eraso hauen kontrako jarrera azaltzen badute ere, egoera hauei erantzuteko mugak topatzen dituzte, esate baterako prozesu judizial luze eta nahasiak, traba
burokratikoak, erasotzaileen inpunitate totala, ezerezean geratzen diren epaiketak… Honen
erakusgarri Kakuxen adibidea, zeinaren kasua artxibatu egin zuen justiziak preskribituta zegoela
argudiatuz.
Kasu honek ere, agerian uzten du egiturazkoa den indarkeriari egiturazko konponbidea eman behar diogula. Indarkeria matxistarekin amaitu nahi badugu, biolentzia oro normalizatzen eta areagotzen duen gizartean errotiko aldaketak eman behar dira. Horretarako, Goierriko Itaiatik instituzioekiko modu independentean antolatzeko deia egiten dugu: emakumeok gure babeserako bitarteko propioak garatzeko, indarkeria matxistarekin amaitzeko borrokak martxan jarriz. Era berean, erasotzaileen aurrean erantzun eraginkorrak garatu behar ditugu, hauen inpunitatearekin behin betiko amaitzeko”.