Irailaren lehen asteburuan beasaindarrak Usurbera
Usurbe Mendiko jaia ospatu dute gaur. Goizean lasterketa, bertsoak, herri kirolak, trikitilariak eta abar izan dira, eta arratsaldean haur jolasak eta erromeria izango dira egunari amaiera emateko.
Irailaren lehenengo asteburua iristearekin batera Beasainmendin jaia piztu da. Goizean goiz suziriaren hotsaz eman diete hasiera jaiari Beasainmendikoek. Ondoren, herri meza girotua izan dute Usurbeko puntan, bertsolari eta trikitilarien laguntzaz. eta jarraian, Usurbeko igoerari hasiera eman diote Artzai Eneko plazan eta korrikalariak gorantz abiatu dira, erritmo bizian. Parte-hartzaileak iritsi baino lehen azaldu dira Agortan Aizkorri Mendizale Elkartekoak, urtero egiten duten bezala, elkarrekin egin baitute gaurkoan ere Agortarainoko bidea. Egun «berezia» izan ohi da elkarteko kideentzat.
Goiza girotze aldera, trikitilariak hauspoak astintzen ibili dira Agortako eszenatoki txikian; Laja eta Narbaiza trikitilariak hain zuzen ere. Horrez gain, jai giroari jarraipena emanez, bertsolariak izan dira oholtzan. Gaurkoan errima eta doinu artean Maddi Aiestaran eta Iker Zubeldia ibili dira.
Behin ikuskizun hauek amaitu ondoren, omenaldiari bide eman diete. Aurtengo Beasainmendiko Jaietan Juan Garmendia eta Arantxa Labaka omendu dituzte. Jarraian, Jokinen oroimenean agurra dantzatu dute dantzariek eta lore eskaintza egin dute. Omenaldiekin amaituta, herri kirolen txanda iritsi da. Iñaki Azurmendi eta Arkaitz Jauregi izan dira gaurkoan aizkoran eta harria jasotzen, berriz, Arantzamendi Harri Eskolako kideak aritu dira. Guztien artean «ikuskizun ederra» eman dutela diote bertan izandakoek.
14:30etan deskantsurako tartea hartu dute, herri bazkarian eta arratsaldeko 17:00etan egitarauak aurrera jarraituko du. Haur jolasak izango dituzte arratsaldearen irekiera gisa eta jaia amaitzeko erromeria izango da Laja eta Narbaizarekin, musika eta dantza artean emango diete itxiera egunari.