San Gregorio Jaiei agurra dantzan
San Gregorio Jaiei agur esan behar izan diete iada ataundarrek, eta dantzan esan gainera, Otsoak Dantza Taldeak emanaldia eskaini baitu. Haur zein heldu aritu dira dantzan.
San Gregorio Jaiak iritsi dira azken egunera eta gaurkoan agurtu egin behar izan dituzte jaiak ataundarrek, datorren urtera arte. Hala ere, ohitura duten lez, dantzan eman diete agurra jaiei, Otsoak Dantza Taldeak eskainitako emanaldiarekin. Herritar ugari bildu dira, izan dantzari moduan zein ikusle moduan. Orain, behin dantzariek haien saioa amaituta, Karena taldea izango dute kantuan zein dantzan amaiera biribila emateko aurtengo festei, herri giroan.
Arratsaldeko 18:00etan hasi dira txistu zein danbolin hotsak Ataungo San Gregorio auzoko frontoian eta ataundarrak hasi dira oinak astintzen. Haur zein heldu, ikuskizun bikaina eskaini dute guztiek, denetariko dantzekin. Estilo desberdinetako musika izan dute haien dantzen oinarri, hala nola, euskal dantza tradizionalak deritzegunak: Txotxongilo, Jorrai-dantza, Txulalai, Banangoa… Bestalde, doinu herrikoiei dantzak asmatu dizkiete, adibidez, ‘Furra furra’ edota ‘Martxa baten lehen notak’ abestiei. Gainera, doinu desberdinak izateaz gain maila desberdinetako dantzak eskaini dituzte, bakoitzaren mailaren arabera. Emanaldiari amaiera emateko Xuletinoa dantzatu dute Otsoak Dantza Taldeko neskatoetako batzuk eta amaieran topa eginda dantza talde osoa sartu da dantzatokira, fandangoa, arin-arina eta kalejirarekin giro apartean bukaera emanez aurtengo jaietako emanaldiari.