XVII. Usurbeko igoeran Beunza eta Ordoñez azkarrenak
XVII. Usurbeko igoeran Beunza eta Ordoñez izan dira helmuga zeharkatzen lehenak. Herritarrei dagokienean, Dorronsoro izan da aurtengoan azkarrena.
Jai giroz busti dute gaurkoan beasaindarrek Usurbe ingurua. Jaia eta kirola uztartuz, aurten ere Usurbeko Igoera izan da Usurbe Mendiko festan, XVII. edizioa, hain zuzen ere. Aurtengoan 48 parte-hartzaile izan dira, horietako 16 beasaindarrak. Lehenengoa Mikel Beunza izan da, Alkotztik etorria, baina ez du lortu ezarritako marka haustea. Hala ere, 22 minutu eta 13 segunduan amaitu du lasterketa. Beñat Bereziartu 4 segundu eskasera iritsi da lehenengotik eta hirugarrena, berriz, lehenengoa baino 11 segundu beranduago iritsi da helmugara: Ander Iñarra.
Emakumezkoen kasuan, 5 izan dira parte hartu duten emakumeak eta lehenengo postua Maria Ordoñezentzat izan da gaurkoan, 25 minutu eta 25 segunduko denborarekin. Bigarrena, berriz, Amaia Insausti, 2 minututik gorako tartearekin Ordoñezekiko eta hirugarren postuan, berriz, Maite Beregaña sailkatu da, 28 minutu eta 40 segunduko denborarekin.
Herritarren artean lehenengo saria Unai Dorronsoro Garmendiarentzat izan da eta aurtengo edizioan, ez da emakumezko beasaindarrik izan parte-hartzaileen artean, beraz, sari hori eman gabe geratu da.