Eguraldiak markatutako erromesaldia izan da aurtengoa

Iragarrita zegoen, eta iragarpenak bete egin ziren. Larunbata egun euritsua izan zen, ekaitza ere bota zuen eta ez zen kalerako girorik izan. Eguraldiak noski Segura, Zerian eta Mutiloan larunbatean egitekoak ziren Arantzazurako erromesaldian eragina izan zuen, eta aurten Urbian talde argazki jendetsurik ateratzea ez da posible izan.
Hamaika segurarrek eutsi diote, dena den, urteroko tradizioari eta Urbiarainoko bidea egin zuten larunbatean eguraldi txarrari aurpegi ona jarrita. Aitzol eta Eritz Sodupek, Arkaitz Sodupek eta Jose Mari Izagirrek Seguratik Urbiara arteko bide osoa egin zuten oinez. Gainontzeko herritarrak Arantzazutik Urbiara arteko bidea osatu zuten, nahiz eta hasiera batean San Adriandik joatekoak ziren.
Urbian guztiak elkartu, ohiko bazkaria egin eta tradiziozko argazkia atera eta gero —irudian—, guztiek elkarrekin egin zuten Arantzazura arteko bidea.