460 korrikalarik hartuko dute parte igandean, Axari Trail proban
450eko parte hartze muga gainditu da, lehenengoz. Parte hartzaileen %24 emakumezkoak izango dira. Gazteenen artean ere goraka doa parte hartzea.
Mikel Garmendiaren omenezko 10. Axari Trail mendi lasterketa jokatuko da igande honetan Idiazabalen. Inoizko parte hartze handienarekin jokatuko da, gainera. Aritz Ugarte, probaren antolatzaileetako batek esan duenez, «460 bat pertsonek» eman dute izena, pasa den edizioetan ezarritako 450 inguruko parte hartze muga gaindituta.
Ohi bezala, bi ibilbide izango dira aukeran: luzea —25,4 kilometro— eta motza —16 kilometro—. Goizeko 9:30ean emango zaio hasiera lasterketari.
Emakumeak goraka
Izena eman duten 460 parte hartzaileen artean, «180 korrikalarik hartuko dute parte proba luzean eta gainontzeko 280k motzean». Emakumeen artean gora egin du aurten parte hartzeak. 90 emakume izango dira orotara, bi lasterketetan —parte hartzaile guztien %24—, inoiz baino gehiago. Kadete mailako korrikalarien zenbatekoak ere gora egin du «55ek eman dute izena aurten», horietatik 16 idiazabaldarrak. Kadeteek lasterketa motzean soilik hartu dezakete parte.
Korrikalari goierritarren presentzia ere handia izan ohi da urtero Axari Trailen. Horren adibide garbia da iazko lasterketaren podiuma. Ibilbide motzean, Gaizka Lasa legorretarra gailendu zen gizonezkoetan eta emakumezkoen kategorian Iraia Mendia lazkaotarrarentzat izan zen garaipena. Mendiak, emakumezkoen marka berria ezarri zuen, gainera, bere kategorian, 01:21:28-ko denborarekin.
Lasterketa luzean ere idiazabaldarrak izan ziren gizonezkoen artean lehendabiziko bi sailkatuak: Ioseba Eskudero eta Sergio Serrano, hurrenez hurren. Emakumezkoetan Andrea Garay gasteiztarrarentzat izan zen garaipena.
Aurtengo faboritoen artean «Walter Becerra eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra» azpimarratu ditu Ugartek gizonezkoetan, eta «Irati Larrañaga usurbildarra» emakumezkoetan. Hiruak ere lasterketa luzean hartuko dute parte.
Goierri Kopako azkena
Aurten ere, Idiazabalgo mendi lasterketak itxiko du Goierriko Kopa, eta igandeko probaren ostean erabakiko dira, hortaz, Goierriko Kopako irabazleak ere. Urtarrilean hasita, bederatzi lasterketez osatu da aurten Goierriko Kopa.
Iazko Goierriko Kopa proba luzeetan Sergio Serrano idiazabaldarra izan zen irabazlea gizonezkoetan, eta Oihane Zubillaga anoetarra emakumezkoetan. Sprint edo lasterketa motzen sailean, berriz, Mikel Zabalegi ordiziarra gizonezkoetan eta Irati Larrañaga usurbildarra emakumezkoen mailan.