Feria berezia kanpoan, eta ohikoa barruan, berritasun eta guzti
Betiko martxarekin lan egin dute plaza barruko saltzaileek iraileko feria berezi honetan. Berritasunen artean, babarrun beltza izan da nagusi, baina muxika, gaztaina, batata eta arto opila ere aipatu behar dira. Lau saltzailek aipamen berezia jaso dute feria bereziaren antolatzaileen aldetik.
Feria bereziak eta gazta lehiaketa ospetsuak ez diote itzalik egin asteazkenerokoari Ordizian, eta beti bezala, saltzaileak fin-fin iritsi dira goizean Plaza Nagusira ohiko lanari heltzeko. Besteetan baino jende gehiago ibili da, erosleak ohi baino goizago ere bai, eta asko postutik postura paseoan eta ikusmiran ibili diren arren, erosi ere egin dute, eta horretan ez dute kexa handiegirik izan saltzaileak gaur.
Saltzaileek pizgarri bat izan dute gainera, feria bereziaren aitzakian antolatzaileek lau aipamen berezi banatu dituztelako, postuak eta egiten duten lana sarituz. Baliarraingo Edurne Jauregik, Zeraingo Iñaki Intxaustik, Gabiriako Anttoni Murgiondok eta Ibarrako Monteseko Arantxa Iparragirrek eta Patxi Izagirrek jaso dituzte.
Babarruna eta gaztaina
Berritasunak aurkezteko eguna ere izan da gaurkoa, eta horien artean nabarmenena babarrun beltza izan da. Jauregi baliarraindarrak eraman du, lekan oraindik, eta kiloa 14 euroan jarri du salgai. Eta baita saldu ere, feria honetan ohikoak diren sukaldarietako batek denak erosi dizkiolako. Aurten uzta ona omen dator, baina oraindik bere puntua hartzeko zerbait falta zaio, “ea hemendik aurrera ere hego haizea egiten duen, behar bezala lehortzeko”.
Garai honetan heldu ohi diren gaztainak ere ikusi dira gaurkoan, Arantxa Lopetegiren postuan, kiloa 4 euroan; urteko lehen gaztainak dira. Altzagar honek muxika edo melokotoia ere bazuen, eta kiloa 3 euroan jarri du salgai. Ondoan postua duen bere iloba Maria Jesus Oriak, berriz, batata edo boniatoa aurkeztu du, haragi zuria barrutik eta kanpotik azala arrosa duena, eta barrutik zein kanpotik laranja kolorekoa dena; kiloa 3 euroan zuen.
Beste berritasun bat Maite Iturbe okin legazpiarrak aurkeztu du, arto opila. Negu garaiko jakia da hau, baina gaur goizean egin duen eguraldi sargoriarekin ere estimazio handia izan du, dezente saldu duelako. Pieza handiak egiten ditu Iturbek, eta gero zatika saldu, kiloa 6 euroan.
Sagar gehiago eta bitxikeriak
Sagar berriak ere iritsi dira feriara, Idiazabalgo Kalbario baserrikoak, Zurutuza ahizpen postuan saldu dituztenak. Aurretik zegoen eskaintza zabala handitzeko, Elstar, Boscoop eta errezil grisa jarri dituzte salgai, kiloa 2,5 eta 4 euro artean. Esan behar da, gainera, irasagar ugari zegoela salgai gaur, kiloa 3 euroan.
Bestela, feria honetan bitxikerietarako tartea ere izan da, eta hiru izan dira aipagarriak: Zurutuza ahizpek eraman duten kilotik gorako erremolatxa, Patxi Arizmendik loreontzian sartuta eraman duen arbi-aza, eta Maria Jesus Oriaren kuia sorta.
Perretxikoak
Amaitzeko, perretxikoak ere aipatu behar dira. Mikel Lasaren eta Barcinaren postuetan 75 kilo ziza hori zeuden, kiloa 15-20 euro artean, eta plaza barruan, Axun Etxeberriak beste kilo bat zuen, hori 15 euroan. Lasak, gainera 15 kilo saltsa perretxiko beltz ere jarri ditu salgai, 20 euroan kiloa, eta Barcinarenean boilurrak eskaini dituzte, tamainaren arabera 5, 10 eta 15 euroan bakoitza.