Goierriko bost gazta sartu dira finalean
Goierrin egindako Baztarrika, Aizpea, Ondarre, Otatza eta Gaztainaditxulo daude Ordiziako 14 gazta finalisten artean, baita goierritarren La Leze ere. Lehiaketara aurkeztutako 50 gaztaren artean ketuak naturalak baino gutxiago ziren arren –20 ketu, 30 natural–, finalera bederatzi ketu iritsi dira.
Epaimahaiak bukatu du gazta dastaketaren lehenengo probaldia, lehiaketara aurkeztu dituzten 50 gaztak baloratzeko. Horietatik, 14 egin dute aurrera, eta finalean lehiatuko dira, beste dastaldi batean. Lehen dastaketan ez bezala, bigarren honetan epaile guztiek –24 lagun ari dira, teknikari, kazetari eta sukaldari– gazta guztiak probatuko dituzte. Finalistetatik bost dira Goierriko gaztak.
Esandako ordenaren arabera:
- La Leze (Ilarduia, Araba). Naturala.
- Azkarra (Galarreta, Araba). Naturala.
- Baztarrika (Gabiria). Naturala.
- Albi (Arruazu, Nafarroa). Naturala.
- Padilla (Otxandio, Bizkaia). Naturala.
- Kortaria (Lekarotz, Nafarroa). Ketua.
- Aizpea (Olaberria). Ketua.
- Ondarre (Segura). Ketua.
- Larreako Gazta (Larrea, Araba). Ketua.
- Puerto de Munain (Munain, Araba). Ketua.
- Otatza (Ordizia). Ketua.
- Loperena (Egozkue, Nafarroa). Ketua.
- Gaztainaditxulo (Idiazabal). Ketua.
- Neregazta (Zudaire, Nafarroa). Ketua.
Bost goierritar horiekin batera, artzain goierritarrek Ilarduian (Araba) ekoizten duten La Leze ere finalean da; 2022an Ordizian irabazi zuten. Denera, bost gipuzkoar (denak Goierrikoak), lau arabar, lau nafar eta bizkaitar bat iritsi dira azken fasera. Lehengo igandean Legazpiko Artzain Egunean Gipuzkoako txapeldun izan zen Gabiriako Baztarrika, bigarren geratu zen Olaberriko Aizpea eta hirugarren postuan geratu zen Segurako Ondarre ere jokoan dira.
Ondarreko gaztak, gainera, Urrezko Garaikurra lortzeko aukera du, azken hamar urteetan hirugarren aldiz txapela janzten badu (2014an eta 2021ean irabazi zuten lehen). Lekarozko Julen Arburuaren Kortaria gaztak ere badauka aukera hori, 2018ko eta 2019ko garaipenekin.
Ketu/natural arteko bereizketa izaten da beste jakingarrietako bat Ordizian. Historikoki, jakina da ketuen alde jotzen dutela epaileek, eta aurten ere halaxe izan da. Lehiaketara aurkeztutako 50 gaztetatik 20 bakarrik ziren ketuak, eta 30 naturala. Bada, ketuen ia erdiak pasatu dira finalera: 9.
Hamahiru goierritar partaide
Idiazabal Gaztaren Ordiziako 50. lehiaketan, 13 gaztagile goierritarrek aurkeztu dituzte gaztak. Finalera sartutako eta aipatutako bostez aparte, Garoa (Zerain), Xabier Azurmendi (Zegama), Gerardo Garmendia (Zaldibia), J. Etxezarreta Anaiak (Zerain), Agurtzane Gabiria ‘Makatza’ (Legazpi), Otegizabal (Ordizia), Iker Sukia ‘Ixidro’ (Lazkao) eta Javier Muñoa ‘Basazabal’ (Zerain).
Aizkorraldekoak edo bere eragin eremukoak dira bederatzi gaztagile goierritar, eta lau Aralarraldekoak.