Juan Mari Arzak sukaldaria eta Idiazabal gaztaren bultzatzailea omendu dute Ordizian
Lehiaketara etortzerik izan ez duen arren, bideo batean eskertu eta goraipatu ditu Idiazabal Gaztaren Ordiziako sustatzaileak. "Munduko onena da, niretzako behintzat". Epaimahaiko lehendakari izan da 1990etik, eta Pedro Subijanak hartuko du kargu hori aurrerantzean.
Idiazabal Gaztaren Ordiziako lehiaketaren ikurretako bat izan da Juan Mari Arzak Arratibel, ataundar jatorriko sukaldari donostiarra. 1980an gonbidatu zuten lehenbiziko aldiz, Euskal Sukaldaritza Berriaren sortzaile taldeko beste hiru sukaldarirekin batera: Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Karlos Argiñano eta Jose Juan Castillo. Harrezkero, oso gutxitan huts egin du.
Omenaldia egin diote gaur Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak eta Ordiziako Udalak. Elena Arzak alabak –epaimahaian dastatzaile ari da– hartu ditu oroigarriak, aitaren izenean, Jesus Mari Ormaetxea kofradiakidearen eta Adur Ezenarro alkatearen eskuetatik. Izan ere, Juan Mari Arzakek ezin izan du gaur Beti-Alai pilotalekuan egon.
Bideo baten bidez ekarri dituzte sukaldari maisuaren hitzak. Mikel Urretabizkaiak grabatutako bideoan, gaztaren lehenengo ebaketak berak egin zuela gogoratu du Juan Mari Arzakek, 1980an. “Izugarri gustatzen zait gazta mota hori, gehien atsegin ditudanetakoa da”, azaldu du.
Goierriko jatorriari ere erreferentzia egin dio. Irudietan gazta bat usaindu ondoren, “honek Goierri oroitarazten dit, Ataun. Ama Ataungoa nuen”.
Elena Arzak alabak, bere hitzartzean, omenaldia egin izana eskertu die antolatzaileei, familiaren eta Arzak jatetxeko lantaldearen izenean. Gazta “naturaren opari bat” dela esan du, eta Ordiziako kofradiak egiten duen lana goretsi du: “Zuek denok gabe, ez zatekeen gaur egun dena izango”.
Juan Mari Arzak 1992an izendatu zuten Idiazabal gaztaren lehiaketako epaimahaiko buru edo lehendakari. Ohorezko titulua erantsi diote gaur, eta, bide batez, Pedro Subijana izendatu dute epaimahaiko lehendakari.
Atxen Jimenez gogoan
Omenaldien atalean, Atxen Jimenz Eskirotz zena gogoratu dute. Tafallako (Nafarroa) Tubal jatetxean lan egin zuen. Apirilean hil zen. Oso maitea zuen Ordiziako feria berezia eta gazta lehiaketa Jimenezek. Minutu bateko isilunea gorde dute frontoian, haren oroimenean. Nicolas Ramirez Jimenez semeak –epaile lanetan ere aritu da, amaren lekua hartuta– esker oneko hitzak esan ditu.