Ordiziako Euskal Jaietako aparteko azoka iruditan
Kale giro bikainarekin ospatzen ari da Ordizian Euskal Jaietako aparteko azoka. Ohi bezala, gazta, ganadu, euskal oilo, fruta eta barazki lehiaketak izan dira, besteak beste.
Ez du inondik ere orain urte batzuetako jendeketarik erakartzen, baina Ordiziako Euskal Jaietako aparteko azoka egun seinalatua da ordiziar eta goierritar askorentzat. Ibilgiroak ez du aitzakiarik izan, eta jende dezente ibili da Ordiziako herri kaskoa eta hura inguratzen dute kale eta plazetan.
Goiz ibili dira barazki ekoizleak eta ganaduzaleak jendea hurbiltzen hasten zenerako dena prest izateko. Ohi bezala, Garagartza plazan Piriniar arrazako ganadu lehiaketa egin dute, Joxe Migel Barandiaran plazan fruta, barazki eta euskal oilo lehiaketa, eta perretxiko erakusketa, eta Beti-Alai pilotalekuan, 50. Ordiziako Artzain Gazta txapelketa. Plaza Nagusian, berriz, asteazkeneroko azoka egin dute.
Postu ugari bai, baina erosketetarako afizio handirik ez da sumatu. Urdaneta kalearen 15. zenbakira bitarte, Ordizia kalean eta Kale Nagusirako bi sarbideetan jarri dituzte salmahaiak gaurkoan: gozoak, hestebeteak, ogia, gazta, Nafarroako kontserbak, bitxiak… Taloek bai, tiradizoa dute. Urdaneta kalearen goenean aritu dira Ataungo talogileak, Garagartza plazaren ondoan Leitzako Mieltxo taloak eta Plaza Nagusiaren barrenean Lazkaoko talogileak.
Zazpi baserritarako ganadua
Piriniar arrazako ganadu lehiaketak baserritar eta kaletarren ikusmina pizten du urtero. Zazpi baserritarrek ekarri dituzte abereak: Idiazabalgo Urbizu-Berrik, Zaldibiako Irizarrek, Oñati Dolaetxek, Azpeitiako Garagartza-Gainek, Arrasateko Urkimendik, Aretxabaletako Saloña Aurrekoak eta Zestoako Zokolo Berrik.
10:15erako zegoen iragarrita hasiera, eta ordu erdiko atzerapenarekin abiatu da. Hebe elkartea –Herri behi elkartea– da antolatzailea, eta hasterako nabarmendu dute Idiskoen lehiaketarik ez dela izango, erakusketa bai.
Joxi Erauskin Hebe elkarteko kide zaldibiarrak nabarmendu du “goizean tentsioa” izaten dela. “Ganaduzaleak urduri, ganadua bera ere bai… Ganadua garbi mantendu nahi izaten lehiaketarako, eta tentsio momentuak izaten dira”. Lehiaketaren helburua Piriniar arrazako abelbururik onenak saritzea da. “Arrazan ondo kokatuta dagoen baloratzen da, ez dezala arraza akatsik izan. Gero morfologiari begiratzen zaio: ipurgainaren garaiera eta zabalera, hanken formak, rustizidadea, adarrak…”.
11:00etan Piriniar arrazako hanburgesak eta saiheskiak doan banatzen hasi dira Lurgintzako postuan.
Oiloetan, zazpitik lau sari Zaldibiara
Iaz zazpi sarietatik sei zaldibiarrek jaso bazituzten, aurten lau izan dira. Olano-Etxeberri baserriko Jesus Mari Larekik eta Edurne Etxartek bi sari lortu dituzte –lote onenarena eta oilo gorriarena–, eta Keizpe baserriko Aimar Aiestaranek –lote onenaren bigarren saria eta zilar koloreko oiloarena–. Gainontzeko sariak Oñatira eta Markinara joan dira.
Iaz ere sarituak izan ziren biak ala biak. Jesus Mari Larekik adierazi du orain dozena bat urte hasi zirela euskal oiloekin. “Edurne bikoteak animatuta hasi ginen. Bizkaitik, Euskal Oiloaren elkartetik dozena bat arrautza erosi, gorriak, inkubategian atera eta horrela hasi ginen”.
Aurtengo lehiaketara ekarri dituen oiloak iazkoak baino txikiagoak direla nabarmendu du, “oilakorekin ateratzen baititut”. Sekula ez, eta aurten Zumarragako Santa Lutzira aurkezteko asmoa baduela dio zaldibiarrak. Bizkaitar batekin ere tratuan ibili da. “Hark gure oilar batzuk nahi ditu odola nahasteko, eta nik ere hangoren bat hartuko dut gauza bera egiteko”.
Plaza Nagusian, aipamen bereziak
Asteazkeneroko ferian biltzen diren ekoizleei aitortza egin ohi die Ordiziako Udalak aipamen bereziak eginez. Honakoek jaso dituzte: Irabiazpi baserria (Edurne Jauregi, Baliarrain), Bekoetxe baserria (Anttoni Murgiondo, Gabiria), Montes baserria (Patxi Izagirre, Ibarra) eta Mendarte baserria (Iñaki Intxausti, Zerain)
Arratsaldean, kirola
Goizekoak bukatuta, arratsaldean kirola izango da nagusi. Profesionalen pilota partidak izango dira Beti-Alai pilotalekuan (17:30ean hasita), eta 19:30ean Herri kirol jaialdia Joxe Migel Barandiaran plazan.