«Punkean talde berriak ateratzen ari dira, gauza berriak egiteko gogotsu»
Nerabe zenetik musikaren munduan dabil Joseba Artza Agirre (Lazkao, 1978). Flash taldearekin AEBetara biran joango da orain, punk eta hard corearen sehaskara. Oki Moki taldean ere badabil.
Flash taldearekin datorren astean zoazte AEBetara.
Kaliforniara goaz, biran. Hasieran ekialdeko kostara joatea zen asmoa, baina erori egin zen. Gure kontaktuetatik tiraka, bi hilabetean antolatu dugu. San Franciscon hiru egunean egongo gara, eta gero Portlanden, Olimpian… Hamabi kontzertu ditugu, hamabost-bat egunetan.
Nola sortu zaizue aukera?
Diskoa atera dugun zigilu diskografikoa Londresekoa da, La Vida es un Mus –tipoa andaluza edo katalana da–. Mundu mailan kobertura handia dauka, bere taldeei kontzertuak muntatzeko kontaktu piloa dauzka. Ingalaterran egon ginen biran, eta Europan ere ibili gara: Franzia, Danimarka, Alemanian. AEBak ea zer diren jakiteko gogoa geneukan. Guri gustatzen zaizkigun musika estiloetako talde asko biran hara joaten dira, eta guk ere probatu nahi dugu.
Zuen musika estiloaren sehaska dela esan liteke?
Bai. Punk-rock eta hard-core estiloan mugitzen gara, eta influentzia asko amerikarrak eta ingelesak ditugu. Jotzen hasi ginenetik galdetu izan diogu gure buruari, zer ote den AEBetan bira egitea. Ailegatu da aukera.
Zer helbururekin zoazte?
Guretzat oporrak bezala dira, ez baita gure lana. Gu ez goaz rock star batzuk bezala hoteletara, lagunen etxeetara baizik. Ez dakigu zer aurkituko dugun. Gastuak estaltzea da helburua, dirua galduta ez geratzea.
Flash taldean denbora gutxian gauza asko egin dituzue.
Bost gara: Lazkaokoa ni, bi getariar, Zumaiako bat eta Lasarteko bat. Pandemia hasi zenean, 2020ko martxoan, dena itxi baino egun bat lehenago Lasarten elkartu ginen, hitz egiteko. Oso zirkulu antzekoak gara, musika estilo antzekoa gustatzen zaigu. Bakoitzak bere lana dugu, ordutegi desberdinak… baina azkenean, gogoa dagoenean, ateratzen da. Usurbilen entseatzen dugu; hasieran Lazkaon, eta aldian behin ere bai hemen.
Urte konplikatuak izan ziren sorkuntzarako.
Hasieran, abestiak gitarristak ateratzen zituen, eta mobilez bidaltzen zizkigun, bakoitzak etxean lantzeko. Elkartzen hasi eta arrankatu genuenean ere, berriz ixten zuten, ezin atera, ezin entseatu… Taldea funtzionamenduan iazko apirilean hasi zen, lehenengo kontzertu serioa eginda. Irailean diskoa atera genuen, CDan eta biniloan, eta orain ari gara ezagutarazten.
Biniloan ere bai?
Hori da, eta AEBetako birara promozio bezala eramateko hiru abestiko kasete-zinta bat atera dugu –badago korronte bat kasetekin ere, jendeak erosten ditu, badator berriz–. Birara zoazenean, zerbait azkarra egiteko eskatzen dizute, eta La Vida es un Mus zigiluko Paco Mus-ek atera digu zinta. Kopiak berak egin ditu eta bidali ditu, gu joandakoan dena martxan egoteko.
Beste diskoren bati forma ematen ari zareten seinalea.
Abesti gehiago baditugu airean. Gauza gehiago egin nahi izaten dira beti, baina kosta egiten da. Gurea, flash izena bezala da, dena azkar: entseguan kanturen bat ateratzen badugu, aurreneko hori horrela gelditzen da, ez diegu gauzei buelta askorik ematen, bestela hil egiten da. Aurreneko kolpearekin gelditzen gara, freskotasun hori daukagu. Datorren urterako beste disko bat ateratzea da asmoa, bai Flashekin, eta Oki Mokirekin ere bai. Ea ez duten denboran bat egiten…
Ibilbide askoz luzeagoa daramazu musikari gisa zuk.
Urte asko daramatzan martxan. Bateria jotzen 14-15 urterekin hasi nintzen. Haritz Artola eta biok hasi ginen. Berak baxua jotzen zuen, eta bateria probatzeko esan zidan. Hala hasi ginen Fist Fucking taldean. Gero, Brigada Criminalekin ibili ginen; hura ere bukatu zen, eta geroztik ni Donostiako talde batzuekin aritu naiz: Señor No, Bullet Proof Lovers… Ladislaon ere egon nintzen, nire anaiarekin-eta. Baina ni gitarrista frustratu bat naiz. Ikaragarri gustatzen zait gitarra.
Zer panorama du punkak?
Euskal Herriko mainstream horretatik aparte –badirudi musika hor bakarrik zentralizatzen dela–, behean bagaude talde batzuk, eta zirkuitu nahiko aberatsarekin. Jendea gauzak egiteko gogoarekin dago, eta hori da garrantzitsuena. Badago bizitza. Talde berriak ateratzen ari dira, gazteak, kezka askorekin. Punka badago orain ere, eta indarrean gainera. Goierri lokartuago dago talde eta eszena aldetik. Baina punkean eta hard-corean behin ere ez da izan kontzertuetara jende asko mugitu den toki bat.
Zer falta da?
Bakoitzari atera beharrekoa dela uste dut. Espazioak eta jotzeko tokiak badaude –Goierrin Lazkao izango da ez dagoen herri bakarretakoa–, baina, azkenean, bakoitzari bere kezketatik eta barrutik atera beharreko zerbait da, eta gogoa. Orain dena emanda bezala dago, eta agian horrek originaltasuna kentzen dio.