Segurako Ondarreko Eneko Goiburuk irabazi du Ordiziako gazta lehiaketa
Ordiziako 50. Idiazabal Gazta Lehiaketa azken hamar urteetan hirugarren aldiz irabazteagatik, Urrezko Garaikurra ere lortu du. Lehenengo bost postuetan hiru goierritar sailkatu dira: hirugarren Joseba Intsausti ordiziarra eta laugarren Ander Barandiaran idiazabaldarra.
Bosgarren aldiz, Segurako Ondarreko gazta atera da Ordiziako lehiaketan txapeldun. Eneko Goiburu Muruak aurkeztutako gaztak irabazi du lehiaketa. Bigarren Lekarozko (Nafarroa) Kortaria geratu da, eta hurrena ohorezko lehen bost postuetako beste bi goierritar: Joseba Intsausti Otatza ordiziarra hirugarren eta Ander Barandiaran Gaztainaditxulo laugarren. Bosgarren, Egozkueko (Nafarroa) Loperena gaztandegia izan da.
“Gure ilusio guztiarekin egiten dugu, ahal den ondoena. Guk horrela egiten dugu, baina beste laurek, beste 14ek, beste 50ek ere horrela egiten dute, eta sari hau gaztagile guztientzako da”, egin du lehenengo eskaintza Goiburuk.
Bosgarren aldiz irabazi du Ondarreko gaztak Ordiziak. Horrez gain, azken hamar urteetan hirugarren aldiz txapeldun izatea lortu izanagatik, Kutxaren Urrezko Garaikurra ere eskuratu du. Lehiaketarn 50 urteko historian hirugarren aldia besterik ez da halako errekonozimendua eman dutena –ohitura bera 2000ko hamarkadan hasi zen–; Jesus Antsolak (Mausitxa, Elgoibar) 2009an eta Ricardo Remirok (Eulate, Nafarroa) 2013an jasota daukate soilik.
Gazta ketua aurkeztu du Goiburuk. “Etxean kata batzuk egiten ditugu. Martxoan egindakoa da, denboratxo bat daukana, gustua, zaporea. Lehengo asteazkenean ketu genuen, goiz guztia gazta bakar hau ketzen aritu ginen. Mimo askorekin egindako gazta da. Gure etxeko ohitura da, Goierriko ohitura da gazta ketzea, eta uste dugu hori ere garrantzitsua dela”.
Garrantzitsua baserria da, Ondarreko gazta.
Sariak:
1. Eneko Goiburu, Ondarre (Segura). 2.000 euro, txapela, Kutxaren garaikurra eta 12.000 etiketa.
2. Julen Arburua, Kortaria (Lekarotz, Nafarroa). 1.000 euro, udalaren garaikurra eta diploma. F hizkidun gazta.
3. Joseba Intsausti, Otatza (Ordizia). 500 euro, udalaren garaikurra eta diploma. K hizkidun gazta.
4. Ander Barandiaran, Gaztainaditxulo (Idiazabal). 250 euro eta diploma.
5. Loperena (Egozkue, Nafarroa). 220 euro eta diploma. L hizkidun gazta.
Finalean sartu diren 14 artzainek diploma bana jaso dute, adierazpen horrekin.
Gazta erdia Donostiako Super Amara supermerkatuak erosi du, 3.550 euroan.