Lazkao Txiki Bertso Paper Lehiaketako irabazleek jaso dituzte sariak
Lazkao Txiki Bertso Paper Lehiaketako sariak eman dituzte Barrena Kultur Etxeko Bertsolari Eskola gelan. Amaia Agirre, Haira Aizpurua eta Suhar Mantzizidor izan dira txapeldun.
Lazkao Txiki Bertso Paper Lehiaketak 32.edizioa izan du aurtengoa eta beste urteetan lez, lan ugari jaso dituzte kategoria bakoitzean. Hiru kategoriatan banatu dituzte sariak: gaztetxoak (13 urtez azpikoak), gazteak (14-18 urte bitartekoak) eta helduak (18 urtetik gorakoak). Guztira 24 lan jaso dituzte eta epaimahaiak erabakia hartu ondoren, gaurkoan sariak jasotzeko hitzordua izan dute bertsolariek.
Goizeko 12etan elkartu dira Ordiziako Barrena Kultur Etxeko Bertsolari Eskola gelan eta sarreratxo baten ondoren, hasiera eman diote sari banaketari. Lehenengo kategorian, hau da, gaztetxoenean, 8 lan jaso dira aurtengoan eta horietatik hiru izan dira saria eskuratu dutenak. Lehenengo eta bigarren sariak Goierrin bertan geratu dira, Suhar Mantzizidor zaldibiarrak eta Ibai Villacorta ataundarrak, hurrenez hurren. Hirugarren saria, berriz, Azkoitiara joan da, Nora Arrizabalagaren eskuetan. Maila hontako bertsolariek antolakuntzak ezarritako gai zehatz baten inguruan idatzi behar izan dute: “Sakelakorik gabe ezin bizi”.
Gazteen eta helduen mailei dagokienean, hauek gai librea aukeratu ahal izan dute haien bertso-sortak osatzeko. Gaztetxoetan bi sari eman dira. Lehenengoa Sarako Haira Aizpuruarentzat izan da, “Bakartzaroa” izendatutako lanarekin. Bigarrena, berriz, Villabonako Aratz Arzelusentzat izan da, “Ireki begiak” lanagatik.
Helduen mailan ere ez da saririk izan bertsolari goierritarrentzat. Guztira 13 lan jaso dira eta hemen hiru saritu izan dira. Lehenengo saria Amaia Agirre asteasuarrak irabazi du, “galerak eta galderak” lanagatik. Bigarren eta hirugarren sariak Zarautz aldera joan dira, bigarren saria Beñat Jauregik eta hirugarrena Itziar Unenuek irabazi baitituzte, “Manikia gorpuzten” eta “Magaletik” lanengatik, hurrenez hurren.
“Galerak eta galderak” Amaia Agirre
Asteasuarraren bertso sortak hainbat gai mamitsu barne-hartzen ditu. Bertso bakoitzak gizarteko problematika bati heltzen dio. Hasteko, etxebizitzaren auziaren irakurketa bat eta etxebizitza eskubidearen aldarrikapena egiten ditu. Ondoren, amatasunaren inguruko hausnarketa bat ageri da, haurra hilda jaiotzearen mina ardatz hartuta. Jarraian, indarkeria matxistaren aurkako bertsoan arazo honen berri ematen du eta ondoren, azken aldian horrenbeste hitz egiten den zaintzaren ikuspegi bat ematen du, “zaintzailea nork zaintzen du?” galdera botaz. Amaitzeko gorputzaren eta elikadura nahasmenduen afera aipatzen du eta bertso sortari itxiera emateko patua zalantzan jarri eta du eta ondorengo esaldiarekin borobildu du azken bertsoa: «bitartean egin amets».
Amaia Agirrek saria jasotzean aipatu duenaren arabera, lehiaketan parte hartzeko gonbidapena iritsi zitzaionean ordenagailu aurrean jarri eta «bere momentuan amaitu ez zuen» dokumentu bat aurkitu zuen, bertso baten bukaera bakar bat zeukana idatzita. Hortik tiraka eta “zergatik neri?” galdeari erantzunez hasi eta amaitu gabe utzitako lan hari heldu zion bertso sorta hau osatzeko. Lan honekin eskuratu du lehenengo saria aurtengo Lazkao Txiki Bertso Paper Lehiaketan.
“Manikia gorpuzten” Beñat Jauregi
Beñat Jauregiren bertso sorta, aldiz, gai jakin batean ardaztua dago. 16 urteko neska baten gorputzetik idatzitako bertso sorta dela adierazi du eta, «anorexiaren bueltan izandako gertuko esperientzia bati» jarritako bertsoak direla aitortu du. Bertso hauetan, nerabezaroaren afera eta honen zailtasunak azaleratzen ditu, emakume izaeratik, fisiko jakin bat izatera bultzatua sentitzearen presioa ardatz hartuta. Hortik dator izenburua ere, «manikiaren» neurrietan sartzen ez den gorputza izateak egungo gizartean duen eraginetik, hain zuzen ere.
“Magaletik” Itziar Unenue
Itzar Unenue zarauztarrak, berriz, amatasuna izan du hizpide bertso sorta honetan. «Amatasunaren eta ama izan ondorengo lehen momentuen goxotasunez» jarriak direla adierazi du bere hitz hartzean eta gaurkoan «goxotasun» berarekin abestu nahi izan ditu bertso hauek, lehiaketako hirugarren saria jasotzean.
Antolakuntzak adierazi duenaren arabera, hurrengo urtean ere «gonbitea luzatuko diete» urte hauetan guztietan parte hartu duten bertsolariei eta parte-hartzeko prest dagoen bertsolari orori. Beraz, 33. edizioaren zain geratu dira bertaratutakoak, «gogotsu».