Xabier Isasak Euskaltel-Euskadirekin kontratua luzatu du
Xabier Isasa txirrindulari urretxuarrak kontratua luzatu du Euskaltel-Euskadi taldearekin. Taldean jarraituko du, gutxienez beste bi urtean. Euskaltel-Euskadi taldeak jakinarazi duenez, bi urte gehiagorako kontratua luzatu dio Isasari, 2025eko abendura arte. Isasak bi urte daramatza profesional mailan.
Urretxuko txirrindularia pozik azaldu da. “Euskaltel-Euskadirekin kontratua berritzea oso garrantzitsua da niretzat, talde horretan jarraitu nahi baitut hurrengo denboraldietan. Oso pozik nago. Lehen bi urteetan saiatu naiz mailara egokitzen, eta taldeari eta bere laguntzari esker egokitzapen hori errazagoa izan da, jauzia handia delako. Datozen bi urteetan aurrerapausoak ematea espero dut, aurrera egiten jarraitzea eta jauzi bat gehiago ematea, eta taldearekin batera lasterketa handiak jokatzea: Itzulia, Donostiako klasikoa edo Espainiako Itzulia. Horretarako gonbidapena lortzea; ametsa betetzea litzateke”.
Euskadi Fundazioaren lana goraipatu du. “Beheko mailetatik natorren txirrindularia naiz, Euskadin beti izan dena, eta, zehazkiago, harrobiko Laboral Kutxan. Fundazioari esker, profesionaletara pasatu ahal izan naiz, beste euskal txirrindulari batzuk bezala. Etxeko babesleen, Euskaltelen, Orbearen eta Etxeondoren lana ere azpimarratu nahi dut, horiei esker taldeak urtez urte jarraitzen baitu. Azkenik, ez ditut ahaztu nahi egunero laguntzen didaten guztiak, nirekin daudenak, eta eskerrak eman nahi dizkiet Jorgeri (Azanza) eta Txusi (Ezkurdia) euren konfiantzagatik eta taldeak aurrera egiten jarraitzeagatik”.
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduraduna ere pozik agertu da. “Ziur gaude egunen batean emaitzak iritsiko zaizkiola eta zein txirrindulari handia den erakutsiko duela. Amateur mailan gutxik egin ditzaketen gauzak egiteko gai izan zen. Gure egituran konfiantza izatea eta gurekin batera hazten jarraitu nahi izatea txalotzekoa da”.