Arimasagasti auzoko maizterra etxegabetu dute Idiazabalen
Ondoezik atera dute etxetik 30 urte inguruko maizterra osasun zerbitzuek. Segurtasun neurri handien artean egin da etxegabetzea.
Arimasagasti auzoko Arimasagasti Errotea etxebizitzan bizi zen 30 urte inguruko pertsona etxegabetu dute gaur goizean. Etxegabetzea segurtasun indar handien artean egin da, eta tentsio uneak bizi izan dira Ertzaintzaren eta etxegabetzea salatu eta maizterrari babesa ematera joan diren pertsonen artean. Maizterra ondoezik atera behar izan dute etxetik osasun zerbitzuek, ustez, antsietate-krisi baten eraginez.
09:30ean zen gauzatzekoa etxegabetzea, baina Goierriko Kontseilu Sozialistako etxebizitza sindikatuko Beñat Aiestaranek adierazi duenez, «08:30erako polizia-operazio guztia muntatuta zegoen» jada. Segizio judiziala iritsi aurretik «bost minutuz eta leiho kanpotik» maizterrarekin egoteko aukera izan du Xabat Aranburu etxebizitza sindikatuko beste ordezkari batek, «bakarrik eta oso urduri» zegoela adierazi du. Etxe barrura sartzea ukatu diote, eta, ondorioz, bakarrik aurre egin behar izan dio maizterrak etxegabetze prozesu guztiari. Kontseilu Sozialistako kideek ez dute segizio judizialarekin etxegabetze prozedura negoziatzeko aukerarik izan.
Itxaronaldiak luze jo du
Tentsio handiko itxaronaldia izan da eta 11:00ak arte luzatu da, azkenean, etxegabetzea. Etxegabetzeak gelditu, Borroka da bide bakarra, Desalojorik ez, Pertsonarik ez etxebizitzarik gabe eta Polizia hiltzailea deiadarrak etengabeak izan dira prozedurak iraun duen bitartean. 10:30 inguruan anbulantzia bat gerturatu da Arimasagastiko etxebizitzara eta tentsio uneak areagotu dira Ertzaintzaren eta bertaratutakoen artean. Zer gertatzen ari zen galdetuta, maizterrak «antsietate krisi» bat izan duela esan du hasiera batean Ertzaintzak, nahiz eta gero, «bizkarreko arazoak» ere aipatu dituzten.
10:50ean, ondoezik eta gurpildun aulki batean atera dute maizterra osasun zerbitzuetako langileek, eta Zumarragako Ospitalera eraman dute artatzeko. Bertan da oraindik. Hasiera batean ukatu dieten arren, lagun bati etxegabetutako pertsonarekin anbulantzian joateko baimena eman du azkenean Ertzaintzak. Behin maizterra anbulantzia barruan zela, Aranbururi etxera sartzen utzi diote, maizterraren jabetzako ondasunak ateratzeko.
Etxegabetzea gauzatuta, Idiazabalgo udaletxera joan dira kontseiluko ordezkariak eta Iñaki Alberdi alkatearekin bilera egin dute. Kontseiluko kideek esan dutenaren arabera, «maiatzetik» daude Idiazabalgo Udalarekin harremanetan etxegabetzea ekiditeko asmoz. Era berean, udalaren jarrera kritikatu dute eta «etxegabetzea gelditzeko ez dutela ezer egin» azpimarratu du Aranburuk.
Alberdik GOIERRIKO HITZAri esan dio udalak pertsona honi laguntzeko «bere esku dagoen guztia» egin duela. «Kasuaren gainean gaude orain dela hiru urtetik. Udaletik laguntzen saiatu gara eta aukera ezberdinak jarri dizkiogu mahai gainean. Partekatutako etxebizitza bat eskaini zitzaion, baina berak ukatu egin zuen», azaldu du. Hemendik aurrera kasuaren jarraipena egiten jarraituko dutela gaineratu du alkateak. «Ez dugu bakarrik utziko», adierazi du.
Orain hiru urte, Arimasagastiko etxebizitzako sabaia gainera erori zitzaionetik «bizkarreko lesio larriak ditu» etxegabetuak. Ordutik «lan egiteko arazoak» izan ditu. Aiestaranek adierazi duenez, «zaurgarritasun egoera larrian dago, bakarrik eta inolako diru sarrerarik gabe». Kontseilu Sozialistak «etxegabetze guztien etetea» exijitu du, eta «kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala den etxebizitza sistema» aldarrikatu dute.