Bareak merkataritza elkarteak 500 euro arteko sariak banatuko ditu erosketak Beasainen egiten dituztenen artean
Erosketak Bareak txartelarekin edo GertuApp aplikazioarekin eginda lor daitezke sariak. Stock azoka irailaren 14an izango da.
Tokiko merkataritza indartu. sustatu eta balioan jartzeko helburuarekin, kanpaina desberdinak abiatuko ditu Beasaingo Bareak merkataritza elkarteak, abendura bitarte. Hilabete honetan zehar, hasteko, horietako hainbat ekintza martxan daude jada. Bareak txartelarekin eta GertuApp telefono mugikorrarentzat aplikazioaren bidezko erosketak sarituko dituzte, eta egun gutxi barru egingo dute stock azoka, non produktu sorta zabala eskuragai izango den oso prezio erakargarrietan.
Herritarrak eta herriko merkataritzaren bezeroak saritu eta fidelizatzeko asmoz, Beasainen egiten dituzten erosketak saritu nahi dira. Hori dela eta, Bareak elkarteak, bide ezberdinak erabiliko ditu sari horiek banatzeko. Horien artean dago Beasain Txartela erabiltzen dutenentzat aktibatu den erosketa sarituen kanpaina. Irailaren 25a bitarte, txartelarekin egiten diren erosketek, 10 eurotik gorakoak beti ere, sari potoloak izan ditzakete, 500 euro artekoak, hain zuzen ere.
Horrelako saria lortzeko beste bide bat ere izango da, Bareak txartela ez dutenentzat aukera sortzen duena gainera. Bigarren kanpaina honen erabilerarako, GertuApp aplikazioa jaitsi beharko dute bezeroek eta erosketa kodea sartu, saria lortu nahi badute behintzat. Kanpaina hau ere, irailaren 25era arte izango da martxan, eta 500 euro arteko saria lor daiteke bide hau erabilita ere.
Urria eta azaroan ere gauzatuko dira aipatutako kanpainak.
Horrez gain, elkarteak Rural Kutxarekin duen hitzarmenari esker, Bareak txartelari bultzada bat emateko asmoz eta hau erabiltzeak dituen abantailak ikusarazteko, txartel berriak eskatzeagatik Gabonetako loteria dezimoak banatuko dira.
Stock azoka
Irailean izango den beste kanpaina bat, jendartean oso arrera ona izaten duena, Stock azoka da. Ostegunean, hilak 14, izango da eta makina bat establezimenduk parte hartuko dute, produktuak denden atarietara ateraz. Oso deskontu erakargarriak izango dituzte produktuek.