Goierri Kopako garaileak ere ebatzi ditu Idiazabalgo lasterketak
Trail modalitatean 116 emakumezkok hartu dute parte lasterketaren batean eta 700 gizonezkok. Sprintekoan 209 emakume eta 704 gizonezko izan dira.
Emozioa bikoitza izan zen igandean, aurten ere Goierri Kopako azken proba izan baita Axari Trail. Ondorioz, Goierri Kopako podiuma ere Idiazabalen erabaki zen igandean.
Ohikoa denez, goierritarrak izan dira nagusi Goierri Kopako podiumeko lehendabiziko postuetan. Trail edo ibilbide luzeko modalitatean Maria Ezpeleta (Beasain) izan da irabazlea, Edurne Arakistainek (Legorreta) eta Irantzu Txintxetruk (Gasteiz) jarraituta. Gizonezkoetan Aitor Dionisio (Zumarraga) izan da onena, Koldo Galarreta (Beasain) bigarren eta Sergio Serrano (Idiazabal) hirugarren.
Sprint edo ibilbide laburrean, Maider Unanuerentzat (Lazkao) izan da lehendabiziko postua, Ainhoa Intxaustirentzat (Segura) bigarrena eta Miren Bastidarentzat (Azpeitia) hirugarrena. Gizonezkoetan, Beñat Ibañez zumarragarra izan da azkarrena, Mikel Gabirondo irurarrak eta Iker Zabala beasaindarrak bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, jarraituta.
Goierriko Kopa, datutan
Guztira, bederatzi probez osatu da aurten Goierri Trail Koparen 6. edizioa. Garingo (Beasain) lasterketarekin eman zioten hasiera urtarrilean eta herenegun amaitu zen Idiazabalen. Tartean, Ordiziako mendi lasterketa, UZ Trail, Arriaran, Leharrei, Segura-Zerain, Txindoki kilometro bertikala eta Zaldibiako lasterketa jokatu dira.
Trail modalitatean 116 emakumezkok hartu dute parte lasterketaren batean eta 700 gizonezkok. Sprintekoan 209 emakume eta 704 gizonezko izan dira.