Saguzarrak ezagutzeko eta ikusteko saioa Lazkaon bihar
Saguzar Gaua antolatu du biharko Lazkaon Biziolak. Ion Fontenlak gidatuta, lehenik aurkezpen hitzalditxo bat, eta ondoren saguzarrak ikustera ibilaldia egingo dute, kalean bertan, detektagailuak erabilita.
Gre bizilagunik onenak». Horrelaxe katalogatu ditu Naturtzaindiko Ion Fontenla Sukiak saguzarrak. Aspalditik ari da ugaztun hegalari horiek ikertzen, eta ekainean Euskal Herriko saguzarren gida liburua argitaratu zuen, Naiara Corcuera arrasatearrarekin. Lazkaon, bihar, saguzarrei buruz gehiago ikasteko eta ikusteko aukera eskainiko du Fontenlak.
Saguzarren Gaua izendatu dute biharkoa. Lehenbizi, Biziolaren egoitzan, 20:00etan, ordu erdi bateko aurkezpen laburra egingo dute. Informazio panel batzuk ipiniko dituzte, helduei nahiz haurrei zuzenduta, eta saguzarrei buruz oinarrizko kontuak azalduko dituzte. Liburu berria ere salgai edukiko dute.
Jarraian, Lazkaoko kalera irten, eta saguzarrak aurkituko dituzte, detektagailu bereziekin.
Kalean ere saguzarrak
Detektorearekin Naturtzaindiko hiruzpalau kide ibiliko dira: saguzarrek bidaltzen dituzten deien ultrasoinuak detektatzen ditu, eta zer espezie den zehatz daiteke. Liburuan kontsultatu ahalko dute, ondoren.
«Saguzar espezie bakoitzak ultrasoinu bereziak emititzen ditu. Jenero batean, adibidez, ez da posible bertako 12 espezieen artean identifikatzea, denek oso antzekoak dauzkatelako. Baina besteen kasuan, bai. 80 kilohertziotan edo 100ean egiten dituzte deiak», azaldu du Fontenlak.
Paseo bat egingo dute ilunabarrean Lazkaoko kalean, Agauntza erreka inguruan, goiko dorreetaraino, 21:30 arte.
Lazkaoko etxe guztietan saguzar ugari daudela aurreratu du Fontenlak. «Gurekin batera bizi dira, bai errekan bizi direnak, baita landa eremukoak direnak eta ura edatera errekara jaisten direnak ere. Mendialdean ez dugu putzurik, lurrari egiten diogun erabileragatik, eta edatera errekara joaten dira. Habitat askotakoak ikus daitezke».
Goierri, aberatsa da saguzarretan. Euskal Herrian dauden 27 espezieetatik 25 badira bertan. Bihar, ondo bidean, bost edo sei saguzar mota ikusteko aukera izango dela espero dute.
Irailaren 29an Olaberrian izango da antzeko ekimena.