Arnasetik bideo sormen lehiaketa martxan jarri dute bigarren urtez
Arnasa Gara ekimenak antolatu du lehiaketa, eta euskararen arnasgune diren udalerrietako haur eta gazteek parte har dezakete. Hiru kategoria ditu, eta lanak urriaren 24rako aurkeztu behar dira. Iazko sarietako bat Sugaar Zapirain idiazabaldarrak irabazi zuen.
Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideo sormen lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du. Lehiaketa hau euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta haien egitekoa izango da euskarari lotutako istorioak kontatzea. Lehiakideen sormena pizteaz gain, lehiaketaren helburua ere bada arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea.
Iazko sarietako bat Goierrira etorri zen. Sugaar Zapirain idiazabaldarrak DBH 1 eta 2. mailako kategorian irabazi zuen saria Zer dira arnasguneak? lanarekin.
Arnasa Gara Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Arnasetik lehiaketa euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasle zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago.
Hiru kategoria adinaren arabera
Lehiaketan parte hartuko duten gazteek lanak banaka edo taldeka, lagunartean edo ikaskideekin batera, garatu ahal izango dituzte, nahiaren.
Lehiaketa honen bigarren edizioa ere 10-16 urteko gazteei zuzendua dago, eta lehen edizioan bezala, aurten ere adinaren arabera hiru kategoria zehaztu dira. Kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izango dira.
- LH5 eta LH6ko ikasleak: beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak azalduz. Promozio-bideo baten bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) aurkeztu ahal izango dira kategoria honetako lanak. Kontuan izanik, arnasgune asko udalerri txikiak direla, horiek ezagutarazteko ariketa interesgarria da.
- DBH1 eta DBH2ko ikasleak: beraien herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bitartez. Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiei balioa emateko ariketa da hau, euskararen aniztasuna agerian utzi nahi duena.
- DBH 3 eta DBH4ko ikasleak: Modu sortzailean bideo bat sortu beharko dute, euskal kultura, musika eta ekimenei balioa emanez.
Kategoria bakoitzerako bideo ereduak zein lehiaketaren oinarri guztiak www.arnasagara.eus webgunean daude ikusgai.
Bi mila euro saritan
Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen sari bat izango du, eta publikoaren saria ere banatuko dute, guztira 2.000 euro. 500 euroko balioa duen sari bakoitza Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izango da.
Lanak urriaren 24rako aurkeztu behar dira, eta sari banaketa ekitaldia azaroaren 22an egingo da Zarauzko Modelo aretoan.