Bidari lantaldeak 'Kaixo Goierri' sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du
Lau lan lerro izango ditu Bidarik, eta gaur lehenengo lan lerroa aurkeztu dute, negozio txikiei ikusgarritasuna eman eta herritarrak kontzientziatzea helburu duena.
Bidari lantaldea aurkeztu zuten martxoan Goierriko eragile ezberdinek. Udal ordezkariek, eskualdeko merkatari elkarteek, Goierriko merkataritza teknikariak eta Goiekiko langileek osatzen dute lantaldea, eta Goierriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzea dute helburu. Gaur eguerdian lantaldearen lau lan lerroetatik lehena aurkeztu dute Bidariko ordezkariek: Kaixo Goierri sentsibilizazio kanpaina.
Maialen Sanchez Goiekiko ordezkariaren hitzetan, «hausnarketa oso momentu zehatzean» sortu zen Bidari; pandemian, alegia. Negozio txikietako kontsumoa sustatzeko eta «Gipuzkoan erreferente eta lehiakorra den sektorea garatzeko», lau lan lerro eta 2023-2024rako bide orria definitu dituzte. Lehenengoarekin, Kaixo Goierri sentsibilizazio kanpainarekin, hiru helburu zehaztu dituzte: ikusgarritasuna ematea, kontsumoa sustatzea eta herritarrak kontzientziatzea.
«Eskualdeko bizitasunaren erantzule dira merkatari, ostalari eta zerbitzuak. Haiei esker gure eskualdeak aberastasun ederra dauka eta herritarron ardura da negozio txikiak babestea», azaldu du Sanchezek. Hala, goierritarrak deitu dituzte eskualdean bertan kontsumitzera, hori baita «haiei babesteko modurik onena».
Euskarri ezberdinak
Kaixo Goierri sentsibilizazio kanpainan euskarri ezberdinak erabiliko dituzte, digitalak eta fisikoak. Euskarri digitalean, herri ezberdinetako merkatariekin egindako bideoa zabalduko dute sare sozialetan edota panel digitaletan. Landing page-a ere garatu dute (kaixogoierri.eus). Bertan kanpainaren inguruko informazioa aurkitu daiteke, eta baita bideoak ere. Udalerrien zein elkarteen webgunetan baner-ak jarriko dituzte, landing page-era bideratzeko.
Euskarri fisikoari dagokionez, totem-ak sortu dituzte herri ezberdinetako leku estrategikoetan kokatzeko, Eneritz Iturrioz eskualdeko merkataritza teknikariak azaldu bezala, digitalean ez ezik, «kalean bertan ere» ikusgarritasuna emateko.
Elkartzearen onura
360 Faktoria-ko ordezkariek hitza hartu dute aurkezpenean, haien esperientzia partekatzeko. Ekimenaren garrantzia nabarmendu dute: «Denok elkartzea izugarrizko onura da, denon artean bezeroei zerbitzu osoagoa ematea lortuko dugulako, sinergiak bilatuz, eta horrela herriak bizirik mantenduz».