«Helduentzako ipuinak dira, gai orokorra bizitza bera delako»
‘Zirriborroak, kontatu behar ez nituenak’ ipuin liburua aurkeztuko du gaur 18:00etan Kultur Etxean Nagore Belastegi kazetariak (Legazpi, 1987). Helduentzako hamahiru ipuin dira, beste hainbeste ilustrazioz lagundutakoak.

Liburua helduentzako ipuin liburu ilustratua dela diozu.
Ipuina eta ilustrazioa elkartuta, liburua haurrentzako dela dirudi. Baina helduek ere ipuinak irakurri ditzakete, eta ilustrazioez ere gozatu dezakete. Zirriborroak, kontatu behar ez nituenak da izenburua.
Nola hasi zen abentura hau?
Blog bat dago guztiaren hasieran. Kazetaritza ikasten ari ginela blog bat egiteko eskatu zigun irakasle batek. Kirolari buruzkoa sortu genuen, eta hainbeste gustatu zitzaidan, beste bat ireki nuela, nire txorakeriak idazteko. Unibertsitateko blogean Ilintxaren kontuak idazten nituen, eta nirean, tontakeriak: pelikula bati buruz, ezpainetako bati buruz… Pixkanaka, kontakizunak idazten hasi nintzen, batzuk nahiko sakonak, eta horretara bideratu nuen nire blog hura.
Jende askok jarraitzen al zuen?
Nahiko anonimoa zen, lagunek irakurtzen zuten bakarrik. Hain zuzen, lagunek animatu ninduten blogeko ipuinak argitaratzera, ilustrazio eta guzti.
Haiek animatu, eta zuk egin.
Ipuin batzuk aukeratu eta txukundu nituen, eta nire lagun haien artean zegoen ilustratzaile batengana jo nuen ilustrazioak eskatzeko. Baina ezin zuen. hala ere, nik aurrera egin nuen, lana ateratzeko premia sentitu nuen. Biluzteko beharra bezala zen, ni barrutik zer nintzen erakusteko, nire bizitzan zehar zenbateraino aldatu nintzen erakusteko.
Lehen oso lotsatia nintzen, baina jendearen aurrean ondo geratzen banekien, eta ez zen antzematen nolakoa nintzen benetan. Ipuinekin, benetan nolakoa naizen erakutsi nahi nuen.
Aurkitu zenuen ilustratzailea?
Bai, Koldo Landaluze. Lankidea dut, Gara egunkarian. Oso ondo konpontzen gara biok, eta baiezkoa esan zidan. Bion arteko elkarrizketa gisa planteatu nion, nik testuak eman eta berak, testuek iradokitzen zioten ilustrazioa itzuli. Akuarelarekin egin ditu, eta niri asko gustatu zaizkit, erabat asmatu duela uste dut.
Nondik dator izenburua?
Lanak ordenagailuan gordetzeko karpeta bat sortu nuen Zirriborroak izenarekin, eta hori gustatu zitzaidan libururako ere, bat zetorrelako Koldoren marrazteko estiloarekin, eta ipuinak sortu ziren moduarekin. Baina ez zen nahikoa, zerbait gehiago behar zuen. Behin lankide batekin lotsati izateaz hitz egiten ari nintzela, nik lotsatia izateari utzi eta gero faltan botatzen nuela esan nion, batzuetan gauzak filtrorik gabe esaten ditudalako. Hala konturatu nintzen hori zela titulua: kontatu behar ez nituenak.
Prozesu luzea izan al da?
Testuak 2021ean pasa nizkion Koldori eta gaur arte. Haurdun nago, eta ia-ia erditzearekin batera aurkeztuko dut liburua.
Hamahiru ipuin dira, hamahiru ilustrazio…
Eta hilaren 13an aurkeztuko dut! Prezioa ere 13 euro dira.
Zer dauka 13 zenbakiak?
Hasieran hamaika ipuin ziren, niretzat esanguratsuenak, baina Koldorekin komentatu nuen eskas iruditzen zitzaidala, zenbaki arraroa delako… Eta 13 zenbakia asko gustatzen zaidanez, beste bi testu sortu nituen espreski horretara iristeko. Azken horiek dira nire gustukoenak.
Gaiak ere hamahiru al dira?
Bai, ipuinek ez dute zerikusirik bata bestearekin, amankomunean duten gauza bakarra bizitza da. Horregatik dira helduentzako ipuinak, gai orokorra bizitza bera delako, eta ulertzeko bizitzan esperientzia izatea behar delako. Maitasuna, heriotza, galerak, beldurra, gaixotasuna… edozeini gertatzen zaizkion gauzak dira. Testu motzak dira, eta nire helburua da irakurleak bere esperientziatik enpatia sentitzea batekin edo bestearekin.
«Egunean ipuin bat irakurri, eta gero hausnarketa egitea gomendatzen dut»
«Nire helburua da irakurleak bere esperientziatik enpatia sentitzea batekin edo bestearekin»
Nola irakurri behar dira?
Egunean ipuin bat irakurri, eta gero hausnarketa egitea gomendatzen dut, irakurleak istorioa bere kabuz osatzeko.
Circulo Rojo argitaletxearekin kaleratu duzu.
Hemengo argitaletxeekin saiatu nintzen, baina azkenean Legazpin dauden beste idazleen bidez jo nuen Circulo Rojora.
Non egongo da salgai?
Vela etxetresna elektrikoen dendan, Korosti Kafean, eta Laubide iturgintzan. Iruzurgilearen sindromea dut apur bat, eta ez zait iruditzen nire lana liburu denda batera eramatea, eta han saltzen diren liburuen ondoan jartzea.
Nolakoa izango da aurkezpena?
Xumea izango da. Lagun batek aurkezle lanak egingo ditu, eta Koldo eta biok egongo gara. Nik liburuaz hitz egingo dut, gero Koldori hitza emango diot, eta amaieran liburuak sinatuko ditugu. Koldoren sinatzeko modua marrazki bana egitea izango da.
Lanbidez kazetaria zara.
Argi nuen ez nuela lan monotonorik nahi, eta lehengusu kazetari bat dudanez, hura izan zitekeela pentsatu nuen. Idaztean ondo komunikatzen nintzela ikusi nuen, eta horrela egunero zerbait desberdina egiteko aukera izan nezakeela ikusi nuen.
Zein izan da zure lan ibilbidea?
Leioako ikasketak amaitutakoan praktikak egin nituen El Diario Vasco-n Arrasateko delegazioan, eta gero Gara-n hasi nintzen. Han jarraitzen dut. Zazpika aldizkarian egin nuen lan hasieran, eta gero egunkarian, Euskal Herria atalean egon nintzen, eta Eguneko gaietan nago orain, albisteak, erreportajeak, elkarrizketak… denetik idazten, baita iritzi zutabe bat ere. Goiberri aldizkarian ere denbora dexente kolaboratu nuen.
Oso desberdina al da liburua bat idaztea?
Bai. Kazetaritzan objektibotasunak agintzen du, baina zeure liburua idaztean, askea zara, nahi duzuna idazten duzu.