Idiazabalgo Adinekoen Eguneko bazkarirako txartelak salgai
San Migel Goiaingeruaren elizan egingo den mezarekin emango diote hasiera Adinekoen Egunari. Datorren irailaren 24an ospatuko dute aurten, Idiazabalgo Adinekoen Eguna, Adin Etxe, Idiazabalgo jubilatuen elkarteak eta udalak antolatuta. 13:00etan meza izango da San Migel Goiaingeruaren elizan. Ondoren, taldeko argazkia aterako dute eliz atarian eta aurreskua dantzatuko diete herriko adinduei Axari dantza taldeko dantzariek. 14:30ean bazkaria egingo dute kiroldegian eta bazkalostean dantzaldia izango da.
Adinekoen Egunerako bazkarian parte hartzeko txartelak Adin Etxeren egoitzan salduko dira 10 eurotan, bihar eta ostiralean 18:00etatik 19:00etara eta igandean, irailak 17, 12:00etatik 13:00etara.













