Iparrorratzaren jokoa
Orientazio kirol probak itzuliko dira Aralarko parke naturalera. Asteburuan, Ipar Ligako bi ‘rogaine’ jokatuko dituzte . Denera, 300 bat partaide erakarriko ditu, adin guztietakoak eta familiak.
Partaide bat orientazio probako helburuetako bat aurkituta, 2013an, Aralarko lehenengo rogainean. // Hitza Antolakuntzak hasi aurretxoan emandako mapa, iparrorratza, eta aurkitu beharreko zenbait puntu geografiko helburutzat markatuta. Horiek dira rogaine edo orientazio kirol probaren oinarrizko osagaiak. Denbora ahalik eta laburrenean, mugikortasun eta efizientzia estrategia egokienak ideiatu, eta mendi eremu irekietan egiten dira.
Ataunen asteburuan jokatuko da Lizarrustiko Orientazio Proba. Aralarren egiten den laugarrena da, 2013, 2014 eta 2019koen ondotik. Zegaman eta Urretxun ere egin izan dira. Baina GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak eta Nafarroako CDN elkarte antolatzaileek aurreratu dutenez, «halako xehetasun mailako orientazio maparekin antolatzen den lehenengo aldia» da, «urteko Gipuzkoako orientazio probarik garrantzitsuena».
Bi proba jokatuko dira: larunbat arratsaldean (13:00-18:00) Allekon distantzia ertaineko rogainea, eta igande goizean (08:30-14:30) Lareon luzea. Ipar Ligarako balioko dute.
Hirurehun partaide

Niko Osinalde, Martin Aramendi eta Ibon Goikoetxea aurkezpenean.
Rogaineak Europan estimu handia du, batez ere ipar aldean eta Eskandinavian. Turismo eragile modura ere indarra hartu du, eta Ataungo Udalarekin batera, Goitur bailarako sustapen agentziak ere babestu du, oraingoan ere.
Antolatzaileek Lizarrustira 300 parte-hartzaile inguru biltzea aurreikusi dute, Ipar Ligan jokatzen duten herrialdeetatik: Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Katalunia… Maila eta gaitasun fisiko guztietako partaideak ariko dira; «familian edo 10-12 urteko neska-mutilek bakarka nahiz taldean egiteko modukoa da. 65 urtetik gorakoen kategoriak ere izango dira, eta tartean berriki Europan emaitza bikainak lortu diztuzten orientazio kiroleko elitea ere bai», aurreratu du GOTeko Ibon Goikoetxeak.
Ibilbide iraunkorra
Gune nagusia Lizarrusti izango da. Formatu klasikoan jokatuko da orientazio proba, iparrorratza eta maparekin bakarrik. Aurki, gainera, Lizarrustiko orientazio ibilbide iraunkorra egokituko dute, norbere kabuz ibiltzeko. Proba irekia ere egongo da, nahi dutenak lehen aldiz irteteko.












