Mutiloan hasi eta amaituko da aurten Bost herrien arteko ibilaldia
2015etik ohitura denez, Bost herrien arteko ibilaldia egingo dute Mutiloa, Idiazabal, Segura, Zegama eta Zeraingo bizilagunek elkarrekin. Larunbatean izango da aurtengoa, zortzigarrena, Mutiloan hasi eta amaituko dena. Ohi bezala, Segura, Idiazabal eta Zegamako mendi elkarteek eta Zeraingo Liztormendi eta Mutiloako Txerri Gorri kultur elkarteek antolatutako ekimena da.
Goizeko 8:00etan abiatuko da ibilaldia Mutiloatik bertatik. 10,9 kilometroko ibilbidea prestatu dute. Lierniara igota, Zerain eta Mutiloa artean zegoen mea garraiatzeko trenaren bidetik barrena, Española gaina eta Zelandieta (hamaiketakoa egingo dute bertan) eta Artamalastegi baserria igarota Errotatxon amaituko dute 14:00ak inguruan. Nahi duenak Mutiloako Txerri Gorri elkartean bazkaltzeko aukera izango du gero. Izena eman behar da horretarako; bihar da azkeneko eguna. Izena bost herrietako elkarte, ostatu edo tabernaren batean eman daiteke, baita 606 35 92 54 telefono zenbakira deituta ere.