Santikutz jaiak Urkian
Larunbateko afarirako edo igandeko bazkarirako izena ostirala baino lehen eman behar da. Oroigarri bana emango diete Arrospide, Olasagasti eta Ugarteburu aizkolariei igandean.
Urkiko Santikutz jaietako artxiboko argazkia. // Hitza Irailarekin batera iritsi dira Itsasondoko Urkia auzoko Santikutz jaiak. Bihar eta asteburuan ospatuko dituzte festak auzotarrek zein auzora igotzen diren herritarrek. Bihar izango da egun handia, irailaren 14a, Gurutze Deunaren eguna edo Santikutz eguna, alegia. Mezarekin hasiko da egitaraua, 11:00etan.
Ondoren hamaiketakoa izango da Baltzola eta Larrañaga trikitilariekin, eta 14:30ean bazkaria. Arratsaldeko 19:00etan trikitilariek alaituko dute giroa, erromeriarekin. Ostiralean atseden hartu eta larunbatean jarraituko du festak, gauez. 21:00etan lagun arteko afaria izango da, eta 23:00etan erromeria Ostolaza eta Narbaiza trikitilariekin.
Igandean, berriz, festetako azken eguna ospatuko dute. Meza nagusiaren ondoren, hamaiketakoa egingo dute Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariekin, eta 14:30ean bazkaria. 18:30ean Arrospide, Ugarteburu, Larrañaga eta Txikia IV.a aizkolariek erakustaldia egingo dute. Oroigarri bana emango zaie Arrospide, Olasagasti eta Ugarteburu aizkolariei, urte askotan Urkira joan izana eskertzeko. Jaiak bukatzeko, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariekin erromeria izango da.
Larunbateko afarira edo igandeko bazkarira joan nahi dutenek izena eman behar dute ostiralerako, 679 780 754 mugikor zenbakira deituta.
Saski baten zozketa
Jai guztietan zehar saski bat zozketatuko dute. Zenbaki irabazlea jaien azken egunean aterako dute,igandean 20:00etan, eta momentuan bertan jakinaraziko dute.













