Zeraingo Azoka ekologikoa egingo dute igandean
Iraileko hirugarren igandearekin batera egiten dute Zerainen udako azoka ekologikoa Gurea pilotalekuan. 30 urtetik gora dira azoka antolatzen eta gaur egun, Euskal Herriko azoka ekologiko zaharrenetako bat da, baita erreferentea ere esparru horretan. Biolur, Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko elkartearekin elkarlanean antolatzen da, azken urte luzetan.
Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikotik ondutako produktuak izango dira salgai igande goizean, baita artisau produktuak eta ekintza osagarriak ere. Ekoizpen duina kontsumo herrikoia da 2023 honetarako aukeratutako leloa, eta produktuak saltzeaz gainera, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa aldarrikatzeko plaza ere izango da Zerain.
Euskal Herri osoko 23 ekoizleren postuak izango dira aukeran, baita Goierrikoenak ere. Barazkiak, eztiak, jatorri ezberdinetako gaztak ogiak, marmeladak, bitxiak, oihalak, zeramikak… jarriko dituzte salgai. Ekintza osagarrien artean, haurrei zuzenduta galleta ekologikoak egiten ikasteko saioa eta errezeta ekologikoekin egindako zuzeneko erakustaldia izango dira Osoa Cooking ordiziarren eskutik.
Azoka igandean izango den arren, aurretik hasiko dira prestaketa lanak Zerainen. Ostiral honetan, 18:00etan pilotalekura gerturatzeko deialdia egin zaie zeraindarrei, elkarrekin mahaiak muntatzeko.