Hilabete beteko da bihar Bartzelonako jokalariak Espainiako selekzioarekin munduko txapeldun titulua irabazi zuenetik. Oso pozik dago lorpenarekin, baina gazi-gozoa izan da ondorena.

Hilabetera, nola gogoratzen duzu balentria hura?
Azkar pasa da denbora, eta espero baino okerragoa izan da ondorena. Gertakari handi hark gure lorpena kutsatu du, eta pena da. Baina garaipena hor dago, eta hemendik aurrera izartxoa edukiko dute gure kamisetek, eta horrekin oso-oso pozik gaude.
Mundukoa zen falta zitzaizun titulu bakarra.
Bai. Klubekin dauden titulu guztiak irabazita ditut, eta selekzioarekin torneo handietan beti azkar bueltatu izan gara etxera. Baina begira oraingoan zer nolako lorpena egin dugun.
Selekzioa ibilbide laburrekoa da, baina progresio handikoa.
Oso-oso azkarra. Guk bagenuen konfiantza aspalditik, ikusten genuen jokalariok bagenuela talentua, futbol ona egiten genuela, baina Europako eta Munduko txapelketetan ez genuen aurrera egiten. Behingoz gauzak ondo atera zaizkigu. Hainbestetan aldarrikatu eta esan dugu torneo handiak irabazteko gai ginela… ba gertatu da, eta sinisten dugu, eta berriz gertatzeko bidea jarrita dago.
Orain maila mantendu behar da.
Bai, hori da zailena. Behin lortzea zaila da, eta maila mantentzea oso-oso zaila, baina hori da nahi duguna, eta nire ustez lana eta talentua badago.
Zuk jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, bai, bai… momentuz ondo sentitzen naiz, beraz, segitzeko gogoarekin nago.
Legazpin izan zara txapelketa irabazi eta gero. Ilintxak omenaldi bat egin dizu, Domingo Agirre eskolak bideo bat bidali dizu zoriontzeko… Zer sentitu duzu herrian?
Berotasun handia jaso dut herrian, oso pozik nago. Lasai egotera joan nintzen etxera, baina Legazpi oso herri txikia da, jendea oso pozik zegoen… Izugarri poztu nintzen askok esan zidatelako futbola jarraitzen ez badute ere, mundialeko partida guztiak ikusi zituztela. Horrek asko poztu nau, eta benetan eskertzen dut. Legazpiarra izanda herrian horrelako berotasuna jasotzeak, eta herrikoei horrelako poza eman izanak, poztu egiten nau.
Lehen famatu bazinen, orain gehiago?
Nik uste dut Legazpin denak garela famatuak, denok ezagutzen dugu elkar… Baina kirol arloan edo beste esparru batzuetan norbait puntan ibiltzen denean, harrotasunez esaten dugu Legazpikoa dela, eta oraingoan ni izatea oso atsegina da.
Omenaldi bat ere prestatu dizu udalak.
Bai, aspaldi jarri zioten Irene Paredes izena futbol zelaiko kirol guneari, baina ez zen ezer egin modu ofizialean, eta pendiente zegoen. Orain, bi aldeok adostuta, zerbait polita egingo dugu abenduan.
Munduko tituluarekin lotuta dagoen gai ilun horrek dimentsio handia hartu du. Zerbaiterako balioko al du?
Nik espero dut zerbaitetarako balio izatea. Azkenean, futbolean bakarrik ez, gizartean ezkutatuta dagoen matxismo hori onartu dugu. Futbola bereziki kirol oso-oso matxista da. Gertatu zena oso gogorra eta esanguratsua izan zen, baina beste gauza asko gertatzen dira eta ez dira hain agerian geratzen. Hau mundu osoak ikusi du. Eta ez da gauza puntuala, musua soilik, mikromatxismo asko dago gizartean eta jendea oso identifikatuta sentitu da, eta horregatik ari da indar handia egiten. Jendeak kontzientzia hartu du gertatzen ari denarekin, ez da normala gertatutakoa.
Baina garaipena ilundu du.
Bai, egia da, baina nik espero dut hoberako izatea. Horrelako garaipen bat lortzea asko kostatzen da, agian behin bakarrik gertatuko da, eta momentu hori horrela zapuzteak min handia egin digu, bereziki Jenniri, ez duelako merezi horrelako unerik pasatzea beste horrek egindakoarekin.
«Momentuz ondo sentitzen naiz, beraz, futbolean segitzeko gogoarekin nago»
«Gertatu zena oso gogorra eta esanguratsua izan zen, baina beste gauza asko gertatzen dira eta ez dira hain agerian geratzen»
«Gertatutakoa ikusita uste dugu ez dela egokia selekzioarekin joatea, sentitzen dugulako ez dela leku segurua»
Gizarteak erantzun du.
Bai, orokorrean bai, baina oraindik presio ugari ari gara jasotzen, batez ere Jenni, komentario horiek entzun behar izatea… Je-nnik ez du ezer egin hori jasateko, Jennik dantzan eta alai egon behar zuen egindako mundialarekin, eta ez horrela. Baina bai, publikoa izan da, jendeak ikusi du eta gizarteak erantzun du.
Horren guztiaren atzetik dago baita ere egin duzuen greba?
Horren atzean ez, baina antzekotasun batzuk badaude. Futbolean matxismo handia dago, oraindik asko kostatzen da neskei mutilek dituzten baldintza berdinak jartzea. Oraindik minimo batzuekin gaude, eta ez dira nahikoak liga profesional batean jokatzeko. Konbenioaren barruan, soldataren gaia eta ama izateko momentuan baldintza onak izatea… Azken finean dena lotuta dago, baina horiek dira gai nagusiak, baldintzei buruz ari gara. Horrek, atsekabez, ligaren hasiera atzeratzea ekarri du.
Greba bertan behera utzi duzue. Lortu al duzue zerbait?
Akordio batera iritsi gara, ez da guk nahi genuen akordio bera, baina gauzak hobetu dira eta egoera desblokeatzeko aurrera egin dugu. Horrela, ligarekin jarraitzeko aukera dago, eta bitartean bilerak egingo ditugu eskatzen genituen beste puntu guztietaz hitz egiteko.
Selekzioko kide izateari uko ere egin diozue askok.
Gertatutakoa ikusita uste dugu ez dela egokia selekzioarekin joatea, sentitzen dugulako ez dela leku segurua, ez gaituela babesten. Hitz egiten jarraituko dugu, baina momentuz ez gara joango.
Bestela, hasita zaude lanean?
Bai, mundialaren ondoren izan genituen 10-12 egun, baina martxan hasita gaude, erritmoa hartuta gaude. Larunbatean 0-2 irabazi genion Madril taldeari.
Nolako da txapeldun baten bizitza, asko aldatu al da?
Pixka bat bai, gehiago ezagutzen gaituztelako eta jende askok kalean gelditzen gaituelako zoriontzeko. Bestela, nire egunerokoak berdin jarraitzen du.