Espainiako Haur eta Gazte Literatura Saria irabazi du Patxi Zubizarretak
'Zerria' lanagatik egin diote aitortza. Kontaketak "kontzientzia, memoria eta oraina mugitzeko eta hunkitzeko gaitasuna" duela azaldu du epaimahaiak. Iazko martxoan aurkeztu zuen.
Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak Espainiako Haur eta Gazte Literatura Saria irabazi du, Zerria lanagatik. Epaimahaiak lanaren “narrazio kalitate aparta eta ahalmen desafiatzailea, eta giza kondizioaren inguruan hausnartzen duten deskribapen hipnotizatzaileak” nabarmendu ditu.
Kontaketak “kontzientzia, memoria eta oraina mugitzeko eta hunkitzeko gaitasuna” duela gehitu dute. “Patxi Zubizarretak, bere leuntasunarekin eta idazkera dotorearekin, zaurian edertasuna aurkitzea lortzen du, eta gazteentzako literatura harribitxi bihurtzen du”. Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak ematen du saria.
Iazko martxoan aurkeztu zuen Donostiako Udal Liburutegian Zubizarretak Zerria. 40. Lizardi Saria irabazi zuen lanarekin.