Ez ikasteko, aitzakiarik ez
Ikasturte honetarako sei euskara ikastaro antolatu dituzte Lazkaon. Maila eta hartzaile askotarikoek ikasi ahalko dute: gurasoek, lan arlorako, aisiarako, ostalariek eta erretiratuek.
Sei euskara ikastaro antolatu dituzte 2023-2024 ikasturterako Lazkaon, udalak bultzatuta eta Maizpide euskaltegiarekin eta San Benito ikastolarekin elkarlanean. Maila, esparru eta hartzaile askotarikoek egiteko modukoak dira ikastaroak.
Euskara hobetzeko eta C1 maila gainditzeko ikastaroa (EGAren baliokidea) da berritasun bat. Urriaren 2tik 2024ko ekainaren 15era emango dute. Parte-hartzaileen hizkuntza-gaitasunak sendotuta, udaberriko deialdiko azterketarako prestatzea da helburua. 210 euroko kostua du, eta udalaren diru laguntzekin finantzatu ahalko da.
Gurasoentzat bideratuta dago beste ikastaro bat. Komunikatzeko, eguneroko eta oinarrizko adierazpenak landuko dira. Bi ordutegi daude aukeran: astean hiru orduko hiru saio edo astean ordu eta erdiko lau saio. Doan da, Lazkaon erroldatuta eta seme-alabak San Beniton dauzkaten gurasoentzat. Urriaren 2tik maiatzaren 30era da.
Lanean ere euskaraz ikastaroa da hirugarrena, euskararen aldeko motibazioa areagotzeko eta erabilera areagotzeko. Euskaltzaindiaren arauak berrikusiko dituzte. Urriaren 2tik otsailaren 15era da. Kostua, 130 euro.
Aisia, ostalariak, jubilatuak
Aisialdiari begira, aisiako eta kiroleko jardueretan begirale bezala lan egiten dutenentzat Aisialdia ere euskaraz ikastaroa eskainiko dute. Hogei orduko iraupena izango du, astean bi orduko saio batekin. euskaraz eraginkortasunez komunikatzeko beharrezko tresnak. Monitoreak Lazkaon erroldatuta baldin badaude, doan da.
Erretiratuek astean hiru orduko bi saioren bidez ikasi ahalko dute. Ikastaroaren prezioa 165 eurokoa. Merkatariek eta ostalariek bezeroekin euskaraz komunikatzeko baliabideak hartuko dituzte, bestetik. Hogei ordukoa da, astean bi ordu, eta doan da Lazkaon erroldatutakoentzat.
Izen-emate epea irekita dago, udaletxean (943 08 80 80; kultura@lazkao.eus).