Liburuak irekitzera gonbidatzeko hemeretzi ekitaldi izango dira Beasainen
'Ireki liburuak begiak irekitzeko' lemapean, gaur arratsaldean, haurrentzako ipuin kontaketa saio batekin hasiko da Irakurzaletasun kanpaina.
Ireki liburuak begiak irekitzako lemapean, abian da irakurzaletasun kanpaina, Beasaingo Udalak antolatuta. Abenduaren 19ra arte, hemeretzi ekitaldi (egitarau osoa) izango dira; ipuin kontaketa saioak, erakusketak, solasaldiak, tailerrak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak, antzerkiak, mahai inguruak eta irakurle taldeen saioak izango dira, adin eta gustu guztietarako.
Kanpainaren inguruko xehetasun guztien berri emateko aurkezpenean izan ziren Mariola Pascual kultura zinegotzia eta Rebeka Piñeiro udal liburutegiko arduraduna. «Literatura abiapuntu hartuta, gure gizartearen begirada lantzeko eta zabaltzeko» mezuarekin, «irakurketa sustatzea eta euskal kulturarekiko interesa piztea» da kanpainaren helburu nagusia. Irakurketa delako bide bat, «dibertitzeko, ikasteko, partekatzeko, eztabaidatzeko, hausnartzeko, berdintasunean hezteko, zalantzan jartzeko eta gozatzeko».
Ekitaldi berri honetan jorratuko diren gaien artean azpimarratu dituzte “gai sozialak, emozioak nola kudeatu, ingurumena zaintzearen garrantziaz, indarkeria kasuen aurrean nola jokatu eta haurtzaroan gertatzen diren sexu abusuak nola landu”.
Kanpainaren irekierarako, gaur arratsaldean izango dena, ingurunearen zaintza izango dute ardatz. Betzaide Urtaza legorretarrak Plastiko gehiagorik ez! izenburupean, haurrentzat ipuin kontaketa saioa egingo du. Azaroaren 25aren inguruan, berriz, emakume eta euskal komikigintza izango dituzte ardatz.
Irakurle taldeak
Aurten inoiz baino irakurle talde gehiago izango dira martxan eta horiei ere ikusgarritasuna emango zaie. Honi dagokionez berritasuna da, 3-5 urteko haurren irakurketa kluba sortu dela. Hilean behin bilduko dira, haurrentzako liburutegian.
Bestetik, helduen irakurle taldeak aro berri bat hasiko du; urritik ekainera arte, hilean behin, asteazken batean, udal liburutegian elkartuko dira eta dinamizatzaile berria izango dute, Aintzane Usandizaga.
Gainontzeko irakurle taldeei dagokienez -Asmubekoa, EPAkoa eta Urbiberrikoa-, horiek ere jarraipena izango dute.