Muñoz jatetxea, arte erakusketetarako tokia
Muñoz jatetxea arterako espazioa bilakatu da ‘Artearekin hartu’ egitasmoaren bidez. Patxi Epelderen lanetako batzuk egongo dira ikusgai urriaren 8ra arte. Hurrengoa Mari Ros Prieto izango da.
Badira urte batzuk Otegieneako Mu-ñoz jatetxean arte erakusketak egiten direla. Urte hasieratik, urtarriletik, Ordizian bizi den Koki Hernandez zeramikari tolosarrak antolatzen ditu erakusketak, Artearekin hartu (Tomatelo con arte) agenda artistikoaren bitartez. Udazken-neguko denboraldi berrian, irailetik abendura, arte diziplina ezberdinetako lau erakusketa izango dira ikusgai.
Irailaren 8an Patxi Epelde artistaren omenezko erakusketa ireki zuten, Maite haren alargunaren laguntzarekin, eta urriaren 8ra arte egongo da ikusgai. Bere ibilbidean landu zituen lanetako batzuk daude erakusketan, tartean, amiantoaren eraginez hildakoen omenez sortu zuena. Hernandezen esanetan, «itzela» izan da denboraldia Epelderen lanekin hastea. «Pertsona elegantea eta autentikoa, eta artista handia».
Udazkenean beste hiru
Hurrengo erakusketa, berriz, Mari Ros Prieto olaberritarraren Oxidos izenekoa izango da, urrian. Buztina, harea, harria edota burdina erabiliz, oxidoa diruditen mihiseak sortzen ditu. Azaroan Soraya Garciaren txanda izango da, pintura eta performance-a uztartzen dituen erakusketarekin. Abenduan, urtea amaitzeko, Haurtzaroko artea erakusketa egongo da ikusgai.
Muñoz taberna artea ogibide dutenentzako erakusketa espazioa izatea nahi du Hernandezek eta, era berean, pote bat hartzera doazen herritarrei arteaz patxadaz gozatzeko aukera ematea. Erakusketa «osoak eta landuak» antolatzen dituzte, «atzean lanketa handia eta fundamentua» dutenak. Horretarako proiektu bat aurkeztea eskatzen dute, eta bidean hasten ari direnei laguntza ere eskaintzen diete proiektu horri forma emate aldera.
Ordizian ez ezik, Cadizen (Andaluzia) eta Ciudad Realen (Gaztela Mantxa) ere jarri du Hernandezek martxan Artearekin hartu ekimena, ohiko erakusketa espazioetatik harago, «arte espazio independenteak» garatzeko.