Oiduiko leizeak auzolanean garbitzeko deialdia egin du Enirio-Aralarko Mankomunitateak irailaren 30erako
Hamarkada askotan pilaturiko zaborra ateratzea espero da. Felix Ugarte espeleologia taldeak gidatuko ditu lanak. Inguratzeko asmoa dutenek posta elektronikoz jakinarazi behar dute.
Enirio-Aralarko Mankomunitateak Oiduiko leizeak garbitzeko deialdia zabaldu du. Irailaren 30ean egingo da garbiketa, 8:45ean Ataungo San Martin auzoko plazan edo 10:00etan Oiduiko saroian elkartuta. Deialdian hamarkada askotan pilaturiko zaborra ateratzea espero dute.
Felix Ugarte espeleologia taldeak gidatuko ditu leizeak lehengoratzeko lanak. Bolondresen laguntza “ezinbestekotzat” jo du mankomunitateak, eta horregatik mankomunitateko herritarrei bertaratzeko deia egin diete. Inguratzeko asmoa duten elkarte edo norbanakoei baieztapena enirioaralar15@gmail.com helbide elektronikora bidaltzea eskatu diete.
Bakoitzak bere eguraldiaren araberako arropa, eguzkitik babesteko krema, kapela, mendiko oinetakoak, eskularruak eta ura eraman behar ditu. Mankomunitateak hamaiketakoa prestatuko du.