Ordiziari buruz gehiago jakiteko saioak egingo dituzte urriaren 11tik abenduaren 1era
Saioen helburua da Ordiziara bizitzera etorritakoei zein jada bertan bizi direnei herriko baliabideei, ohiturei, dinamikei edota kulturari buruzko informazioa ematea. Asteazkenetan eta ostiraletan izango dira, Barrena Kultur Etxean.
Ordiziari buruz gehiago jakiteko saioak antolatu ditu udalak urriaren 11tik abenduaren 1era, Ordiziako komunitatea osatzen dutenentzat. Ongi etorri Ordiziara! informazio saio integralak Ordiziako Kultur Aniztasunerako eta Bizikidetzarako I. Planaren barruan kokatzen dira. Saioen bidez, Ordiziara bizitzera etorritako pertsonei zein jada bertan bizi direnei herriko baliabide, ohitura, dinamika, azpiegitura eta kulturari buruzko informazioa eskaintzea dute helburu.
Ainhoa Jimenez berdintasun eta aniztasun zinegotziaren hitzetan, “herri batera bizitzera joateak eragin ditzaken arazoei aurre egiteko eta pertsona horiei ahalik eta erraztasun gehien emateko” jarri dute martxan ekimena. Dagoeneko bertan bizi direnentzat ere badira saioak, halere. “Baina ez da Ordiziara bizitzera etorri direnentzat bakarrik, gure herriaren inguruko informazioa nahi dutenentzat aproposa da, Ordiziari buruz gehiago jakiteko”.
Asteazkenetan eta ostiraletan izango dira saioak, 10:00etatik 12:00etara, Barrena Kultur Etxeko 7. gelan. Behar izanez gero, zaintza zerbitzua eskainiko dute. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aniztasunaordizia@izanzentroa.eus helbide elektronikoan edo 679 876 779 telefono zenbakian.
Udalaren izenean, parte-hartze ziurtagiriak emango dituzte saioak amaitzean. Udal Harrera Sareko partaideek ere parte hartuko dute: udaleko kultura, euskara, berdintasun, ongizate eta zaborren kudeaketako saileko kideek, udaltzainek, eta anbulatorioko, D’elikatuzeko, Lanbideko, sindikatuetako, Goiekiko, SOS Arrazakeriako eta Bidez Bide elkarteko ordezkariek.
Eduki hauek eskainiko dituzte saioetan:
–Ordiziako historia: euskara eta bere testuingurua, pertsonaia garrantzitsuak, kokapena…
–Bizi eta elkarbizitza: kultura, festak, gizarte eragileak, parte-hartze prozesuak, azpiegiturak…
–Baliabide eta zerbitzuak: enplegua, ongizatea, osasuna, arreta bulegoa, zaborren kudeaketa…
–Atzerritartasuna eta homologazioa.
–Elkarteetan egonaldiak.
–Bisita gidatua herriko baliabideak eta txoko adierazgarriak ezagutzeko.