Ataungo domoari buruzko lanketa aurkeztuta hasiko da Natur Zikloa
Bi urteko lana egin dute Ataungo domoari buruz, udalak bultzatuta. Sorkuntza geologiko hori, paisaia aldetik ikusgarria izateaz gain, hamaika arlotako jakintzaren sehaska da, eta formatu desberdineko emaitzetan ondu dute azterketa: liburua, ikus-entzunezkoa, Ataun Turismoa webgune eraberrituko erakargarritasun modura, eta domoaren inguruan seinaleztatutako eta sortutako bost ibilbidetan. Ostiralean 18:30ean aurkeztuko dute proiektu osoa, Herri Antzokian.
Bide batez, Ataungo IV. Natur Zikloa hasteko ere baliatuko dute aurkezpena –Otsotarrak elkarteak antolatu du–. Liburuxkaren egile Garazi Auzmendik eta ilustratzaile Nia Schamuellsek, eta EHUko hidrogeologo Arantza Aranburu olaberritarrak eta geologo Arantxa Bodego beasaindarrak parte hartuko dute. Izan ere, EHUko geologoek ere parte hartu baitute proiektuan.
Ataungo domoa bera, eta dauzkan balio natural nahiz kulturalak ezagutarazi nahi dituzte. «Ez dela hainbeste ezagutzen iruditzen zaigu, Ataungo altxor edo ezaugarri nagusia izango den arren», aurreratu du Ion Fontenlak. Biodibertsitate eremurako ikerlanetarako Eusko Jaurlaritzaren laguntza bat erabili dute, besteak beste.
Bost ibilbideko sarea
Proiektua osotasunean identifikatzeko, Arkaitz Barriola oiartzuarrak diseinatutako logotipoa ere sortu dute. Datorren astean, ataunturismoa.eus webgunean jarritako galderei erantzuten dietenen artean, kamiseta batzuk zozkatuko dira.
Proiektuaren adar bat, domoaren inguruan sortu duten ibilbideen sarea da. Zailtasun eta eduki desberdina daukaten bost ibilbide markatu dituzte, seinale, informazio-ohol eta bakoitzeko puntu jakingarrienetan webguneko informaziora bideratzen duten QR kodeekin.
Olatako bira domoko gailurrerian barrena –igandean egingo duten txangoa, Goiberri astekariko Ibiltari atalean ere landua–, Dorrontsoroko ibilbide laburra bezain erraza –domoaren ikuspegia eskaintzen du, bailararen beste aldetik–, aurrekoaren jarraipen luzeagoa den Atxurbideko bira, Aia auzotik Aiaiturrieta iturburura doana –Ubeizulo koba urmaelduna bisitatuz– eta Agautzekoa dira bideak.
«Naturaren museo bihurtu dugu Ataun, proiektu honekin», aitortu du Fontenlak. Ibilbideen GPXak deskarga litezke, eta argazki, eskema, azalpen eta informazio ugari kontsultatuta aberastu daiteke ibilaldia.
Liburua, helduentzat
Domoari buruz, liburuxka ilustratu bat argitaratu dute. Ostiralean banatuko dute, antzokiko aurkezpenera joaten direnen artean, edo udaletxean gero. 200 ale atera dituzte. Bertsio digitala webgunean ipiniko dute kontsultagai, etzi bertan.
Bederatzi ataletan banatu dute. Garazi Auzmendi ataundarrak idatzi ditu testuak, eta Nia Schamuellsek margotu ditu irudiak. Komiki eran planteatuta dago, Otsoko eta Karaitz pertsonaiek lagundutako bidaian. Helduentzat pentsatuta dago.
Geologiatik abiatuta, domoaren sorrera, kararrien disolbatze kimikoa eta eragiten dituen barrunbe nahiz egitura geologikoak, gainazaleko basoaren edo artadien funtzioa, akuiferoak eta ingurumenaren biodibertsitate kontserbazioaren garrantzia azaltzen ditu liburuak.
Leizezuloetako habitatak, Juan Arin Dorronsororen katalogazioa, paleontologia, historiaurrearen azterketa eta Joxe Migel Barandiaran, edota mitologiaren mundua ere islatzen dira lanean.
Bestetik, sei minutuko iraupeneko ikus-entzunezko labur bat ere editatu du Iban Toledok. Etziko aurkezpenean jarriko dute. Domoa nola sortu zen, zer balio natural daukan, eta ataundarrentzat zer suposatzen duen jaso dute dokumentuan.
Turismo arloan, jauzia
Azkenik, Ataunturismoa.eus webgunea ere berritu dute, eta hor txertatu dituzte domoari buruzko informazio nahiz euskarri guztiak. «Kulturalki organo barrokoa bezala, natur balioen artean domoa nabarmendu dira».
Turismo arloan «jauzi kualitatibo bat» eman dutela gehitu du Fontenlak –udal zinegotzi ere bada–, aurreko udal taldeak hasitako lana bukatuta. Hiru auzoetan informazio panel berriak, eta norabide seinaleak jarri dituzte. Aurtengo Natur Zikloan bereziki landuko dute domoa.
IV. Natur zikloa
Gaia. Hidrogeologia eta larrialdi klimatikoa.
- Irailak 22, ostirala. Ataungo Domoaren proiektu aurkezpena eta solasaldia. Herri Antzokian, 18:30ean. Arantza Aranburu, Arantxa Bodego, Nia Schamuells eta Garazi Auzmendi.
- Irailak 24, igandea. Olatako bira mendi ibilaldia (9,4 km, 09:00etan, San Martingo plazatik. Ibiltari trebatuentzat. Bodego eta Aranburu geologoekin.
- Irailak 26, asteartea. Iñaki Antiguedaden hitzaldia: Klima aldaketa, uraren eta lurraldearen ikuspegitik. Herri Antzokian, 18:30ean.
- Irailak 27, asteazkena. Ta argiya iñ zan dokumentala eta erakusketa, Eli Pagola eta Ainhoa Gutierrezekin. Antzokia, 18:30.