«Hizkuntza sekulako tresna da gizartea bera ulertzeko»
Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiko zuzendari berria da Irati Ozaita (Ibarra, 1991). Aurretik, Donostiako, Usurbilgo, Lasarteko eta Lazkaoko euskaltegietan egin du lan.
Zer ikasi zenuen?
Gizarte Antropologia gradua egin nuen Donostian eta, ondoren, ikuspegi feminista eta generoko masterra. Gizarte Antropologiak mundua ulertzeko modu bat eman dit, mugarria izan da niretzat. Genero sistemak, hizkuntzak, harremanak aztertzeko eta bizitzeko ikuspegi bat eman dit; gauzen zergatia bilatzen aritzea, galderak egitea, jendeari entzutea, inguruan dagoena behatzeko metodologia bat. Diskriminazio eta desberdintasunei lotutako gizarte arazoen gaineko ezagutza eman dit.
Beti izan duzu euskararekin harreman estua?
Beti izan dut ondoan euskara, nire ama hizkuntza da eta hori kontuan izanda, komunikatzeko tresna nagusia euskara bera dut. Horrek ere kontzientzia eman dit, pentsatzeko eta sentitzeko era bat, pertenentzia sentimendu bat. Euskara eta feminismoa ez daude horren urrun elkarrengandik. Nolabait esanda, bazterrean kokatzen naute biek, biek kontzientzia astintzen didate eta eraldatzeko indarra ematen didate. Horregatik uste dut nagoela gaur egun hemen.
Nola iritsi zinen euskaltegietan lan egitera?
Pandemia garaia denontzat mugimendu iturri izan zen, eta ni langabezian utzi ninduen. Garai hartan berdintasun teknikari bezala lan egiten nuen, eta aldatzea erabaki nuen. AEKn lan egiteko beharrezkoa den Glotodidaktika izeneko ikastaroa egin nuen, eta segituan hasi nintzen lanean.
Zenbat denbora daramazu Goierriko AEKn?
Irailaren 1ean hasi nintzen lanean. Lasarteko eta Usurbilgo AEKn nebilen lanean, lekualdatzea eskatu nuen eta zuzendari izatea proposatu zidaten.
Zer funtzio izango dituzu?
Aurten Korrika urtea izango da eta horrek lan dezente emango digu. Horrez gain, planifikazio eta koordinazio orokorra egitea izango da nire eginkizuna. Matrikulazio kanpaina, irakasleak koordinatzea…
«Gurasoak eta adinekoak euskarara hurbiltzea bada helburu nagusietako bat»
Erronka bat da?
Erronka handia da. Ahaleginduko naiz ahal dudan modurik onenean aurrera eramaten eta ikasitako guztia plazaratzen.
Zein da AEKren helburu nagusia Goierri behean?
AEKren helburu nagusia da Euskal Herria euskalduntzea, eta bide horretan bitartekoak jartzea. Udalekin harremanetan jarri eta elkarlanean bitarteko horiek ematea. Erronkarik handiena ikasle bakoitzak duen beharra identifikatzea da. Ikastaro ezberdinak ditugu, eta bakoitzak bere erronkak ditu. Gurasoak eta adinekoak euskarara hurbiltzea bada helburu nagusietako bat. Ordiziako kale neurketa emaitzak begiratuta, ikusi ahal izan dut haurrak gurasoekin daudenean gurasoek euskaraz egiten dutela, eta haurrek ere bai. Jubilatuekin berdin. Hiruki hori sortzen denean, harremanak talde ezberdinekin sortzen direnean, euskara gehiago erabiltzen da.
Ikasteko erraztasunak daude.
Udalak diru laguntzak eskaintzen ditu jubilatuentzat, etorri berrientzat eta gurasoentzat. Goierrin, diru laguntzei dagokienez, uste dut ikuspegia ona dela. Eusko Jaurlaritzak aurten 16-18 urte arteko ikasleentzat partida berezi bat jarri du martxan eta helburua da gazte horiek C1 titulua lortzea.
Zer esango zenieke euskara ikasten ari direnei edo hasiko direnei?
Hizkuntza sekulako tresna da gizartea bera ulertzeko. Euskara ikastea datorren pertsona batek gizartea ulertzeko pauso bat gehiago emango du. Hizkuntza batek gizartea ulertzeko tresnak ematen dituela ulertuta, esango nieke mugarri txikiak hartzeko. Mugarri horiek hartu eta aurrerapausoak emateko.