Martin Aramendi UEMAko lehendakari izendatu dute
Martin Aramendi buru den zerrenda aho batez onartu dute 101 udalerrietako ordezkariek. Arnasgune ziren udalerriak berreskuratzea dela erronketako bat azaldu du. Ataungo Herri Antzokian egin dute batzarra.
Martin Aramendi Ataungo alkatea UEMAko lehendakari izendatu dute gaur, Ataungo Herri Antzokian egin duten batzarrean. Mankomunitateko 101 udalerritako ordezkariak izan dira hitzorduan, eta aho batez onartu dute Aramendi buru duen zerrenda. “Eskerrak eman nahi dizkizuet erakutsitako konfiantzagatik eta babesagatik”.
Aramendik ez du zalantzarik izan, “erakunde aitzindaria ez ezik, eredugarria ere badelako”. Kezka pixka bat baduela gaineratu du. “Udaletik eta herritik horrelako erakunde batera gatozenean motxila astun samarrarekin gatoz, eta beti dago kezka UEMAk dituen eskariei behar bezala erantzungo zaien. Zorionez, ez naiz bakarrik arituko”.
Erronka berriak dituztela gehitu du. Arnasgune askotan “galera ikaragarriak” izaten ari direla zerrendatu du, eta, helburutzat jarri du lehen arnasgune izan eta galdu direnak berreskuratzea. Gainerakoan, mankomunitateak ematen dituen zerbitzuei eustearen garrantzia azpimarratu du. “Oso zerbitzu onak dira eta udalei asko laguntzen die. Guri behintzat, Atauni, zerbitzu ikaragarri ona eman digute”. Epaitegietatik azkenaldian iristen ari diren epaiak ere hizpide izan ditu. Aramendik dio denok bat eginda egon behar dugula, “zenbat eta gehiago izan indar gehiago izango baitugu.”
Lantalde berria
“Zorionez, ez naiz bakarrik arituko.” Aramendirekin batera, beste hamar ordezkari izango dira lantalde berria osatuko dutenak. Gaurko bileran ere aho batez onartu dituzte. Euskal Herriko txoko ezberdinetako ordezkariak dira gainerakoak; ez dago beste goierritarrik.
Aramendik lanaldi laurden bat eskeiniko dio UEMAko lanei; ondorioz, Ataungo alkate den aldetik, alkatetzako laurden bat liberatuta geratuko da. Zati hori Maider Irastortza zinegotziak hartuko du. “Urriaren lehenengotik aurrera, beraz, udalean bi izango gara”.
Ataunez gain, UEMAko udalerrien artean badira bailarako herri gehiago, Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Segura, Zaldibia eta Zerain, besteak beste.
· Lehendakaria: Martin Aramendi Arana (Ataungo alkatea. EH Bildu).
· Lehendakariordea: Irune Urbieta Alberdi (Zarauzko zinegotzia. EAJ).
· Dabid Anaut Peña (Leitzako alkatea. EH Bildu).
· Eneko Fernandez Maritxalar (Lesakako zinegotzia. EH Bildu).
· Ainara Ipiñazar Miranda (Igorreko zinegotzia. EAJ).
· Iratxe Lasa Arana (Markina-Xemeingo alkatea. EH Bildu).
· Aitor Larrañaga Larrañaga (Azpeitiko zinegotzia. EH Bildu).
· Asier Mingo Arruabarrena (Hernaniko zinegotzia. EH Bildu).
· Idoia Odriozola Arruti (Etxebarriako zinegotzia. EAJ).
· Irati Urberuaga Aranguena (Aulestiko alkatea. EH Bildu).
· Larraitz Alkorta Aizpurua (Asteasuko zinegotzia. Independentea).