«Arnasgune batzuek utzi diote hala izateari; hori irauli nahi dugu»
Hiru lan ildo nagusi zehaztu ditu legealdirako: UEMAren hedatzea, ikerketa eta kulturartekotasun proiektuak. Hizkuntza politika «aurrerakoiak eta ausartak» galdegin ditu.
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak badu buru berria: Martin Aramendi (Ataun, Gipuzkoa, 1970) izango da lehendakaria 2023-2027ko agintaldian —EH Bilduko ordezkaria da—. Atzo izendatu zuten, UEMAk egin zuen agintaldiko lehen batzar nagusian, Ataunen. Aramendik «ilusioz, gogoz eta arduraz» hartu du kargua. Zuzendaritza taldearen eta UEMAko teknikarien ondoan urratu asmo du bidea: «Denon artean erantzungo diogu erronka honi». Irune Urbieta Zarauzko EAJren (Gipuzkoa) zinegotzia izango da zuzendariordea.
Zer moduz ikusten duzu UEMA kargua hartu berritan?
Oso ondo. Azken lau urteotan Iraitz Lazkanok eta haren zuzendaritza taldeak lan ikaragarria egin dute, eta, lehenaz gain, UEMA sendotuago bat utzi digute, bai herri kopuru aldetik, bai lantzen ari diren eta martxan jarri dituzten proiektuen aldetik.
101 udalerri daude UEMAn, eta 305.000 lagun bizi dira horietan. Zein dira orain UEMAren erronka nagusiak?
Erronketako bat hori bera izango da, agintaldi honetan UEMAn sartzeko baldintzak betetzen dituzten udal gehiagorengana jotzea eta horiek guregana erakartzea. Uste dut garrantzitsua dela baldintzak betetzen dituzten udal horientzat UEMAko kide izatea. UEMA bezalako erakunde batek, azkenean, iparra jartzen dizu behar den lekura begira. Baldintzak betetzen dituzten udalei dei egingo nieke etortzeko lasai, zeren 305.000 biztanleko lurgune hori zenbat eta handiagoa izan, erakundea ere indartsuagoa eta sendoagoa izango baita. Hori da erronka nagusietako bat.
Eta besteak?
Martxan ditugun proiektuekin eta lan ildoekin segituko dugu. Ikerketa lerroak jarri nahi ditugu martxan. Arnasgune ziren batzuek arnasgune izateari utzi diote edo uzteko bidean dira, eta horri buelta eman nahi zaio. Horretarako, aurretik, ezinbestekoa da ikertzea, jakitea zein egoeratan dauden, eta hori iraultzeko lan tresnak eman behar zaizkie. Beste erronka bat kulturartekotasuna da. Zaldibian egin zen proba pilotu bat, eta herri gehiagotara zabaltzen ari dira. Ikastetxearekin, guraso elkartearekin eta udalarekin egiten den lana da, eta helburu nagusia da beste kultura batzuetako jendea euskarara elkartzea eta euskal munduratze hori arinago izan dakien laguntzea.