Lazkaoko Jabetze Eskolak emakumeen ahalduntzea ikuspegi feministatik landuko du, laugarren ikasturtean
"Eskola feminista" kalifikatzailea gehitu diote ekimenari. Ikuskizunak, hitzaldiak, erakusketak eta ikastaroak antolatu dituzte.
Lazkaon Jabetze Eskolak laugarren ikasturtea izango du. Urrian hasiko dira ekimenak, eta mota askotakoak antolatu ditu udalaren Berdintasun Sailak. Aldaketa batzuk ere etorriko dira; batetik, feminismoaren ikuspegia nabarmenduko zaio, eta Jabetze Eskola Feminista izendapena eman diote. Bestetik, herritar guztientzat irekiak direla gogorarazi du alkateka, ez emakumeentzako bakarrik. Gizonezkoei dei berezia egin die gainera, “parte-hartze aktiboa lortzeko”.
Egitaraua urriko lehen astean hasiko da. Lazkaon “genero berdintasun erreala eta eraginkorra” lortzeko bidean ekarpena egitea du helburu. “Lazkao berdinzaleago eta bidezkoagoa eraiki nahi dugu, gizonen eta emakumeen artean aukera berdinak edukitzeko”, azaldu du Kepa Zubiarrain alkateak. Horretarako, “genero estereotipoak ezabatu” eta genero ahalduntzea bultzatu beharra dagoela gehitu du.
Laugarren Jabetze Eskolaren egitaraua gaur arratsaldean aurkeztu dute, udaletxean. Bertan izan dira, alkatearekin batera, Unbe Etxaniz Berdintasun zinegotzia eta Lidia Hernandez Berdintasun teknikaria. “Emakumeen ahalduntzea bilatu nahi da Jabetze Eskolarekin, baina ikuspegi feministatik”, argitu du Hernandezek.
Egitarauan ikastaroak, hitzaldiak, erakusketa, ikuskizunak eta iaz lehen aldiz egin zen ehozirigileen topaketa izango dira.
- Urriak 6. Urrup antzerki taldearen ‘Si ellas hablaran’ antzezlana. Areria aretoan, 20:30ean. Ana Martinezek idatzia eta Rosa Rojok zuzendua.
- Urriak 7. Ehozirigileen bigarren topaketa. 10:00etatik 13:00etara, plazan. Azki emakume elkarteak eta udalak antolatuta. 200 emakumek parte hartuko dute; Lazkaoko eskulangileekin batera, Urretxu, Andoain, Zarautz eta beste herri batzuetatik etorritakoak. Artisau azoka ere egongo da plazan, eta ehozirien erakusketa kultur etxean.
- Urriak 23. Irakurbide feministak literaturan ekimenaren hasiera. Iratxe Retozalak gidatuta, irakurle taldea hilean behin elkartuko da, irakurketak ikuspegi feministatik lantzeko. Hirugarren ikasturtea izango du, eta ekainera arte luzatuko da. 18:00etatik 20:00etara. Juntadizoen egunak: urriak 23, azaroak 13, abenduak 11, urtarrilak 15, otsailak 12, martxoak 11, apirilak 8, maiatzak 13 eta ekainak 10 (astelehenak denak).
- Azaroak 9. Zikloa ezagutuz ahaldundu gaitezen ikastaroaren hasiera. Jaione Gisasola Urtzelai hezitzaile menstrualak gidatuta, emakumeen hilekoari buruzko ikastaroa, “emakume ziklikoek ziklikotasuna ezagutu, ulertu, onartu eta maitatzen ikasteko”. Saioen egunak: azaroak 9, 16, 23 eta 29 (ostegunak), 18:00etatik 20:00tara.
- Urriak 24. Noka ikastaroaren hasiera. Emakumeei zuzentzeko hikako hizketa-moldea ikasteko, Maizpide euskaltegiarekin elkarlanean. “Kaleko erabilera informalaren barruan” landuko dute noka. Ikastaro-egunak: urriak 24, eta azaroak 7, 14, 21 eta 28 (astearteak), 18:30etik 20:00etara.
Ikastaroetan matrikulatzeko, izena eman behar da, udaletxean edo lazkao.eus webgunean galdetegia beteta. Epea gaur (irailak 25) zabaldu dute, urriaren 6ra arte.