Oria ibaia eta Mariarats erreka garbitzen hasi dira
Berrikuntza moduan, aurten Oria ibaian dauden landare inbaditzaileen azterketa egingo du udalak Txukun enpresarekin. 2018ko, 2019ko, 2020ko, 2021eko eta iazko garbiketa kanpainak batuta, 24.600 kilo zabor jaso dira.
Ordiziako Udalak duela sei urte hasitako lanarekin jarraituko du erreka garbiketei dagokionez. Aurten ere, erreka garbiketa egingo dute. Ordiziako zatiko Oria ibaia eta Mariarats erreka garbitzen hasi dira dagoeneko. Bi astez luzatuko dira lanak. Amundarain erreka ere garbitu izan dute aurreko urteetan, baina aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo ditu lan horiek.
Berrikuntza bezala, aurten Oria ibaian dauden landare inbaditzaileen azterketa egingo du udalak, garbiketarako kontratatu duen Txukun Lorezaintza S.L. enpresarekin elkarlanean. Lehen fase honetan garbiketa lanak egiten ari dira, eta bertan ikusiko dute zein eremutan kendu beharko liratekeen landare inbaditzaileak. Maitane Alvarez udaleko ingurumen zinegotziak “beharrezkotzat” jo ditu ekintza horiek “ibai eta errekak modu osasuntsuan mantentzeko”.
Azken bost urteetako datuak batuta -aurtengoak oraindik ez-, 24.600 kilogramo zabor jaso ziren 2018 eta 2022 urteen artean egindako garbiketa kanpainetan; 2018an 8.000 kilo, 2019an 5.500 kilo, 2020an 4.500 kilo, 2021ean 3.000 kilo eta iaz 3.600 kilo. Bildutako zaborra garbigunera eraman eta dagokion edukiontzietan sailkatzen dute. “Datuek argi erakutsi dute urtez urte erreka garbiketak antolatzen jarraitu behar dugula”, adierazi du Alvarezek. Aurtengo garbiketaren emaitzak pare bat aste barru jakinaraziko dituzte.
Elkarlanerako deia
Garbiketak beharrezkoak badira ere, hondakinak “behar bezala kudeatu behar” direla eta gizarte osoaren ardura dela azpimarratu du ingurumen zinegotziak. “Txikitik hasita, handian eraginez. Guztion ardura da, eta bakoitzak asko egin dezake gure ingurunea eta natura behar bezala zainduta edukitzeko”. Horregatik, herri ezberdinen arteko elkarlanerako deia egin du, “udalerri bakoitzak dagokion zatian egin ditzan” erreka eta ibaien garbiketak. Ordiziako Agenda 2030eko ekintza planeko 21.9 ekintza da urtero ibaien garbiketak egitea.