Zaldibiatik gailurretarantz, 50 urteko ibili etengabea
Nahiz eta aurretik hasitakoa dela jakina den, Zaldibiako Gailurrerantz mendi elkarteak mende erdia, gutxienik, betea du. Gaurtik larunbatera bitartean ospatuko eta gogoratuko dute ekimena zer izan den eta den.
Beste arlo askotan bezala, euskal susperraldiaren kontestuan ulertu behar da Zaldibiako Gailurrerantz mendi elkartearen sorrera. Frankismoaren akabera aldera, euskararen, eta euskal kontzientziaren eta kulturaren berpizkundean. Errepresio bortitzetik iheska, hainbat espresio, ekimen eta jarduera sortu ziren 1960ko hamarraldian Goierrin.
Zaldibia zen gune aktiboetako bat. Mendi elkartearen gaurko zuzendaritzak lanketa bat egin du, historia eta kontestua jasotzeko. Sortzaileekin jorratu dute hasieren garaia; nahiz eta dokumentu zaharrena 1971ko otsailekoa topatu duten –Enirio Aralarko Mankomunitateak Oiduegiko txabola aterpetxe bezala erabiltzeko kontzesioaren erantzuna–, taldearen jaiotza 1967-68an kokatu dute sortzaileek.
«Elkarte bat, biltzeko leku bat behar» zutela adierazi dute haiek, bilerak-eta egiteko toki bat. Oiduegi litzateke hori. «Parte batean, kontestu politiko bihurtzen da elkartearen sorrera, ezinbestean, orduan halaxe izan zelako», diote zuzendaritzako kideek.
Hain justu, Gailurrerantz elkartearen hasieretan –Gailur-Aruntz bezala azaltzen da izendatuta 1970eko prentsa idatzian– ibili ziren batzuek hitzaldia edo solasaldia eskainiko dute, gaur, udaletxeko batzar areto nagusian. Orduko Zaldibiaren egoera soziologikoa, politikoa eta ekonomikoa bizi-bizirik daukate oraindik, beren azterketa eta analisietan.
Bideo ikuskarian jasota
Hala, 50 urteak ondo gaindituak badira ere, aste honetan ospatuko dute Gailurrerantzen ibilia eta historia. Bideo-lan batean jaso dute, mendi elkarte bezala sortzeko Gobernu Zibilean eskaria aurkeztu zutenetik hasita.
Bizipenen kontaketak sartu dituzte, batez ere, bideoan. Garaian garaiko mugarrietako eta aroz aro garapenaren lekuko izan diren lagunen zuzeneko oroitzapenak, bitxikeriak, pasadizoak eta kontuak daude.
Argazki zahar askorik ez dute sartu, baina badira batzuk: lehen sekula inon atera gabeak edo oso jende gutxik ikusi dituenak dira, gainera. Lehen irteerak, Oiduegiko artzain txabola egokitu zutenekoa… azalduko dira.
Harrezkero, «pauso eta aldaketa naturalak» eman ditu Gailurrerantz elkarteak. Gutxi-asko, hamarna urteka landu dute historia, beti ere elkarrizketak egiteko zuzendaritza batzordeetan ibili zien herritarrengana jota, edo auzolanetan, irteeretan edo bestelako eginkizunetan parte hartu zutenekin hitz eginda. Aralarren izaera, egoera, aterpetxearen erreketa edo naturarekiko harremana ere azalduko dira.
Ostiral gauean emango dute ikus-entzunezkoa, antzokian.
Estilo baten transmisioa
Aitzinetapak eta bilakaera historikoa errepasatzeaz gain, festa-giroko egun bat ere antolatu dute: larunbatekoa. Mendi irteerak egingo dituzte goizean. Helduek Gazteluraino igoz –ezohiko bide batetik joango dira– eta Osinberden zehar; haurrekin beheragotik. Bi irteeretakoak Lazkaoetxe inguruan elkartuko dira, eta denak batera iritsiko dira, eguerdirako plazara.
Ospakizun bezala, herri bazkaria egingo dute, ondoren. Ordiziako otordu-prestatzaileek jarritako bazkaria dute (helduek 15 euro, haurrek 6 euro), Legorretako Basabe garagardo, musika eta guzti.
Etorkizunari begira jartzea tokatuko da, gero. Hori ere buruan darabilte Gailurrerantzekoek. Batetik, aste honetako ekitaldiak «urtetako borondatezko auzolanak behar duen eskertza eta errekonozimendu bat» dela aitortu dute. «Gauza eta toki askotan bezala, horrelako ekimenak bizirik egon badira, jende askok borondatez lan asko egin duelako izan da».
Transmisioa «lehengo kontuak hurrengoek jakitea ere» badela eta, egiteko era finkatuta geratuko da: auzolana. «Ea jarraitzeko ahalmena eta modua badauden». Balio horiek transmititu nahi dituzte, bide batez, gailurreranzko ibilian.
Gaur
- 19:00. Mendi elkartearen sortzaileen hitzaldia. Udaletxeko batzar aretoan.
Ostirala
- 22:30. Gailurrerantzen 50 urteko bizipenak biltzen dituen bideoaren emanaldia. Antzokian.
Larunbata
- 08:30. Helduen mendi irteera, plazatik (16 km, +800m).
- 10:00. Haurren mendi irteera, plazatik (10 km, +350m).
- 14:30. Herri bazkaria, plazan.